'Hautsi… eta izan zaitez zu' diskoa kaleratu du Damba taldeak
Aitziber Estanga donostiarrarekin batera Estitxu Pinatxo beratarra ari da oraingoan abeslari lanak egiten.
Lau urteko ibilbidearen ostean, bere bigarren diskoa aurkeztu du gaur Damba musika taldeak, Hautsi…eta izan zaitez zu. Euskal Herriko txoko askotako kideek osatzen dute taldea, eta tartean bada musikari kubatarren bat ere. Taldearen sorreratik Aitziber Estanga donostiarra izan da abeslaria; duela urtebete inguru, ordea, Estitxu Pinatxo beratarra batu zen Dambara, eta ordutik abeslari bikotea osatzen dute biek ere. “Euskal Herrian aurrean emakumeak dituzten talde gutxi daude”, aipatu du Kristian Amorena taldekideak. Dambak emakumeari garrantzia ematea du helburu, horregatik du more kolorea kaleratu berri duten diskoak. Hitzetan ere, emakumearen egungo egoera dute maiz hizpide. Hala, Miren Amuriza bertsolari bizkaitarrak egin ditu hitzetako asko, eta bereziki egungo gizartearen isla direla nabarmendu dute; eguneroko estresa, droga menpekotasuna, kaleko artistak, maitasuna… baina bakoitzak bere irakurketa egin dezakeela nabarmendu dute.
Y si rompo mi camino lehen diskoko kanta gehienak gazteleraz baziren ere, bigarren diskoko abesti guztiak euskaraz dira; hala ere, bat baino gehiagok katalunierazko itzulpenak dituzte, eta zuzenekoak egiten dituzten tokiaren arabera bertsio bat edo bestea abesten dute. Diskoa hamar abestik osatzen dute: Kalean, Begira ezazu, Hautsi, Haizea bezain librea, Harrekin horrekin, Mutikotxoa, Bizi egin nahi dut, Itzuliko al zara?, Itsas bazterrean eta Bidean. Estiloari dagokionean, musika dantzagarriak egiten dute zalantzarik gabe, rock, blues, punk, reggae eta funk estiloak nahastuz. Gainera, Estangaren eta Pinatxoren ahots goxo zein indartsuek taldeari oraindik ere erritmo gehiago ematen diote. Azken batean, Europan barrena kontzertu asko eman ditu taldeak, baina disko berriarekin Euskal Herrian ezagunagoak egitea dute helburu. Gainera “zuzeneko indartsuak” dituztela ziurtatu du Pinatxok.
Damba taldeko kide guztiak honakoak dira: Estitxu Pinatxo, ahotsa; Aitziber Estanga, ahotsa eta gitarra; Luis Puerto, ahotsa eta tronpeta; Kristian Amorena, perkusioa eta bateria; Xabi Albist+ur, gitarra; Sam Balderdi, ahotsa eta teklatua; Matthieu Haramboure, baxua; Josu Erviti, bateria eta tronboia; Peio Noisette, teknikoa; Nerea Hernandez, komunikazioa. Aipatu dutenez, Durangoko Liburu eta Diska Azokan euren postua izango dute; gainera, abenduaren 7an Ahotsenean kontzertua eskainiko dute, eta abenduaren 13an, berriz, Plateruenan.