Igeldoren desanexioa ofiziala da jada
Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak gaur argitaratu du Igeldo herrigunea Donostiatik bereizi eta udalerri banandu berri bat eratzea onartzen duen dekretua. “Egiaztatuta” geratu da Gipuzkoako 89. herria “ekonomikoki bideragarria” dela, eta “interes publikoko arrazoi bat” dagoela desanexiorako, argitalpenean agertzen denez. Aldekoen eta kontrakoen erreakzioak sortzen jarraitzen du gaur, atzo Gipuzkoako Foru Aldundiak hartutako erabakiak.
Abenduaren 17ko 46/2013 foru dekretu berriak “eraginik gabe” utzi du 6/2010 dekretua, joan den legegintzaldiko Foru Aldundiak atzera botatako Itsas Aurreren 1995eko eskaera. EAJk orduan ondorioztatu zuen ekonomikoki ez zela bideragarria, eta interes publikoaren arrazoiei ez ziela erantzuten. Gaurko argitalpenaren artabera, “komenigarria eta egokia” da “herritarren borondatea errespetatzen” duelako, joan den azaroaren 10eko galdeketaren emaitzak kontuan hartuta—%72ko parte hartzea izan zen, eta igeldoarren %62k eman zioten baiezkoa—.
“Itsas Aurrek ekarritako dokumentu berriak” aintzat hartuta “arautegiak eskatzen dituenak bete direla egiaztatzen” du. Joan den foru dekretuak desanexioa egin ahal izateko 2.500 herritar behar dituela jaso zuen, baina argitalpenak argudiatzen duenez, “herrien kopurua eta tamaina ez da helburu bat bere horretan”, baizik eta “gaitasun ekonomikoa” dela “oinarrizko helburua”, udalei dagokien zerbitzu publikoetarako.