Udaletxean, udal ordezkariek euskararen aldeko kanpaina aurkeztu duten unean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Otsailaren 21ean ‘Udalean ere euskaraz’ leloa osatuko dute mosaiko koloretsu baten bidez Alderdi Ederren; 12:00etan.
Donostiako Udalak komunikazio eta sentsibilizazio kanpaina bat jarri du abian udal administrazioan euskara sustatzeko. Udal langileei zuzenduta dago, euskararen erabilera normalizatzeko eta areagotzeko langile guztien konpromisoa behar beharrezkoa dela uste baitute.
Udalbatza osatzen duten alderdi guztiek babestu dute gaur eguerdian aurkeztu den kanpaina, baita sindikatuetako ordezkariek ere. Juan Karlos Izagirre alkateak berak aurkeztu du kanpaina administrazioak herritarren hizkuntza eskubideak errespetatu behar dituela adieraziz: “Euskal hiztunei arreta euskaraz jasotzeko eskubidea bermatu behar zaie eta horretarako guztion konpromisoa behar da; Udal osoarena, arduradun politiko zein langileena, euskara lanerako hizkuntza izan dadin”.
Donostia “euskararen hiria” dela esan du alkateak eta hiria euskalduntzen jarraitzea dela guztien nahia. Bide horretan “Udala oinarrizko zutabea da, eta herritarren aurrean eredugarri izatea dagokigu”, esan du Izagirrek.
Erabilera Normalizatzeko V. Plana
Uztailean onartu zuen Udalak Euskararen Erabilera Normalizatzeko V. Plana. Gaur aurkeztu duten kanpainaren helburua plan horretan jasotzen diren neurriak ezagutzera ematea da, eta aldi berean, langile guztien ahaleginaren beharra azpimarratzea.
2013-2017 bitarteko indarraldia izango du planak eta bere garapenaren bidez udal administrazioarekin harremanetan jartzen den herritar orori euskaraz artatua izatea bermatu nahi diete, ahoz zein idatziz, esparru guztietan.
Donostiako Udalak 1.397 langile ditu (erakunde autonomoak barne) eta horietatik 1.032 dira euskaraz hitz egiteko gai; langileen %73. Guztira 885 langilek dute egiaztatuta hizkuntza eskakizuna eta beste 147 daude egiaztatzeko bidean. Plana garatzeko ezarritako neurriek hiztun kopurua handitzea ekarriko dute, 170 lanpostu gehiagok izango baitute derrigorrezko hizkuntza eskakizuna.
Lehen hitza euskaraz
Udalean ere euskaraz kanpainaren baitan, langileen artean hainbat material banatu dute eguneroko lanean euskara erabiltzearen garrantzia azpimarratzeko. Hainbat euskarri sortu dituzte. Batetik, Hizkuntza Ofizialen Erabilerarako Jarraibideen liburuxka, administrazioaren jarduera eta prozedura bakoitzean planak zehazten dituen hizkuntzen erabilera eta eman beharreko urratsak jasotzen dituena, beti ere, euskara lehentasunezko hizkuntza izango dela azpimarratuz. Baita mahaigainekoa eta egutegia ere, herritarrekin nahiz lankideekin lehen hitza euskaraz izan dadin animatzeko hainbat esaldi jasotzen dituen euskarria.
Agerraldian parte hartu duten ordezkari guztiek soinean zuten
Kaixo! eranskailua ere; lehen hitza euskaraz izan dadin animatzeko helburuz egin duten ikurra. Udal ordenadoreetako pantailak lozorroan daudenean ere kanpainaren leloa irakurri ahal izango da hemendik aurrera.
Euskara, eskubide
Nerea Txapartegi, Euskara arduradunaren hitzetan donostiarren eskubidea da udalaren aurrean bi hizkuntza ofizialen artean aukeratu ahal izatea, hau da, donostiarren eskubidea da udalarekiko harremanetan hizkuntza aukeratu ahal izatea. Horretarako, ordea, administrazio prestatu egin behar da eta guztion ahalegina beharrezkoa dela esan du Txapartegik: “Udalean ere, kalean bezala, euskararen erabilera ezagutza baino apalagoa da, eta egoera hori irauli behar dugu. Asko dago egiteko administrazioa erabat euskalduntzeko bidean, eta euskara erabil dadin eskatu baino, euskaraz egin egin behar dugu”.
Azkenik, Juan Karlos Izagirre alkateak udal langileei eskerrak eman dizkie euren ahalegina, ekarpena eta konpromisoagatik, eta hilaren 21ean kanpainaren leloarekin Alderdi Ederren egingo duten argazki erraldoian parte hartzeko gonbidatu luzatu die.