10.000 musikari batuko dituen jaialdiaren logoa eta sintonia sortzeko deialdia ireki du Donostia 2016 bulegoak
Irudi ofiziala ekainean hautatuko dute, eta musika udazkenean.
2016. urteko maiatzean, Europako Musikari Gazteen Jaialdia hartuko du Donostiak. Ekitaldi hau bi edo hiru urtean behin egiten da Europako Batasuneko estatu kideren batean, eta Europako musikari gazteen topaketa garrantzitsuena da. Donostia 2016 Fundazioa, Donostiako Udalaren Musika Eskolarekin eta Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartearekin batera, hiru eguneko jaialdi erraldoia prestatzen ari da. Irudi bat eta sintonia bat behar ditu jaialdiak, eta Donostia 2016 bulegoak deialdi bat ireki du, herritarrek parte hartu eta euren proposamenak aurkeztu ditzaten.
Hiru eguneko jaialdian 1.000 kontzertu eta 10.000 musikari gazte izango dira Donostian. Hogeita sei herrialdetako musikariak batuko dira hirian. Antolatzaileek bizikidetzaren laborategi gisa ikusten dute jaialdia, integrazioarako tresna gisa ere bai. Hain zuzen balio horiek islatu nahi dituzte jaialdiaren irudian eta musikan.
Musika eta diseinu eskoletako ikasleentzako bakarrik ez, herritar guztientzako deialdia dela azpimarratu dute Donostia 2016 bulegotik. “Gure eskoletan zaharrak eta gazteak daude, eta jaialdian ere guztiek parte hartzea nahi dugu. Musikak batu egiten gaitu eta hori da guk aldarrikatu nahi duguna”, adierazi du Mikel Mate Udal Musika Eskolako arduradunak.
Lotsak alde batera uztera eta sortzaile izatera deitu dituzte herritarrak. Hain zuzen, gaur egin duten aurkezpenean Musikrea izeneko tailerreko partaideek parte hartu dute. Udal Musika Eskolako ikasleak dira, eta +55 programan parte hartzen dute. Tailerrak egiten dituzte, eta abestiak sortu eta moldatzen dituzte. Musika sortzeko adinik ez dagoelako, herritar guzti-guztiak deitu dituzte lehiaketan parte hartzera.
Lehiaketa, gainera Europa guztira zabaldu dute. Irudi ofiziala ekainean hautatuko dute, eta sintonia udazkenean. Logoak aurkezteko azken eguna apirilaren 1a izango, musika piezak aurkezteko azken eguna irailaren 30a. Proposamenak eta proiektuak Donostiako Udal Musika Eskolan aurkeztu behar dira.