Joxean Llorente Hirikilabs laborategien arduraduna, Xabier Paya Donostia 2016 bulegoko ordezkaria eta Ane Rodriguez Tabakalerako zuzendaria. (Argazkia: Tabakalera)
Kultura askean eta kode irekian oinarritutako tailerrak antolatu ditu Hirikilabs-ek.
Joan den urteko udan ireki zuten Hirikilabs proiektuaren espazioa, suhiltzaileen egoitza zaharreko sukaldea zegoen tokian. Huts hutsik zegoen orduan. Egun, ordea, fabrikazio digitalerako tresnak, elektronika laborategia eta lanerako espazioak daude bertan: makina fresagailu bat, 3D inprimagailuak, eskaner bat, bideo kamera robotizatu bat… Bertan lanean ari den jendeak berak sortutako makinak dira guztiak, eta hardware askean oinarritutakoak.
Izan ere, Hikilabsen helburua jakintza irekia bultzatzea da. Teknologiaren demokratizazioak herritarren gaitasunak areagotu eta errealitatea aldatzeko aukera ematen dituela uste dute Tabakalerak eta Donostia 2016k, proiektu honen bultzatzaileek.
Herritarrek, ideiek eta tresna teknologikoek bat egiten duten espazioa da Hirikilabs. Joan den abenduan egin zituzten lehen lantegiak, eta antolatzaileek adierazi dute oso harrera ona izan zutela. Edozeinentzat pentsatuta daude tailer hauek. Adin mugarik gabe eta beharrezko aurre ezagutzarik gabe. “Teknologiak beldurrik ematen ez duen gunea da”, diote antolatzaileek. Proiektuak egin eta ikasteko tailerrak eskaintzen ditu Hirikilabsek. Zuk zeuk egin eta Besteekin egin filosofiekin bat egiten dute erabat, eta pertsona bakoitzak barruan
hacker eta
maker bat daramala uste dute.
Tailerrei buruzko informazioa eskuratu eta bertan izena emateko
Hirikilabs proiektuaren atarira jo daiteke.