Ganbera Musikaren V. Zikloa hasiko da ostiralean
Bost kontzertuk osatuko dute programa eta Musikeneko ikasleak izango dira protagonistak.
Ganbera Musikaren V. Zikloa datorren ostiral honetan bertan abiatuko da. Kutxaren Gizarte Ekintza, Donostia Musika eta Musikene dira kontzertuen bultzatzaileak, eta aurtengo programa aurkeztu dute, gaur goizean. Guztira, bost kontzertuk osatuko dute zikloa, guztiak doakoak izango dira, eta Kutxaren Andia kaleko ekitaldi aretoan eskainiko dituzte, 20:00etan. Patri Goialde Musikeneko zuzendariaren esanetan, maila handiko piezak interpretatuko dituzte ikasleek, eta publiko orokorrak gozatzeko moduko kontzertuak eskainiko dituzte.
Hirubi boskoteak estreinatuko du aurtengo zikloa. Eider Gaztañaga (tronpa), Ane Bidaurrazaga (flauta), Adrian Pulido (oboea), Pablo Davila (klarinetea) eta Christian Garcia del Campo (Fagota) dira Hirubi taldeko kideak, eta hiru mutil eta bi neska direlako jarri diote izen hori. Gaztañaga prentsaurrekoan egon da, eta eskainiko duten errepertorioaren berri eman du: Divertimento (Haydn), Kleine Kammermusik fur funf Blaser (Hindemith) eta Wind Quintet in G minor (Taffanel). “Ematen diguten aukera eskertu nahi dugu. Hiru obra horiek aukeratu ditugu, errepertorioagatik eta estilo desberdinetakoak direlako. Boskote moduan egingo debuta egingo dugu, eta oso pozik gaude”, aipatu du Gaztañagak.
GANBERA MUSIKAREN V. ZIKLOA:
- MARTXOAK 28. Hirubi boskotea.
- APIRILAK 4. DMC hirukotea eta Ensemble Shiro.
- APIRILAK 11. Aleia boskotea.
- MAIATZAK 16. Kantua.
- MAIATZAK 30. Caliope.