Izagirre: "Ziur nago albiste onekin aterako garela"
Donostia 2016 Fundazioaren Patronatuak bilera egin du aldundian, azken aldaketen ostean erabakiak hartzeko. Izan ere, Itziar Nogerasez gain, Itziar Elizondo komunikazio arduradunak ere bere postua utzi du.
Donostia 2016 proiektuaren inguruan ez da giro. Duela bi egun proiektuaren zuzendari Itziar Nogerasek bere postua utzi ostean, beste dimisio bat egon da. Hain zuzen ere, Itziar Elizondo komunikazio arduradunak bere postua utzi du, arrazoi pertsonalak tarteko. Gertakari horien aurrean, erabakiak hartu beharrean dago 2016 Fundazioaren Patronatua, eta bilera egin dute, gaur eguerdian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan. Bilerara sartu aurretik, Juan Karlos Izagirre alkateak eta Martin Garitano ahaldun nagusiak komunikabideei adierazpen gutxi batzuk egin dizkiete. Biak ere baikor azaldu dira. “Lantzen ari gara 2016a lehenengo egunetik, eta arazoak sortzen badira gure lana sakondu egiten da, zalantzarik gabe. Ikusiko dugu zer erabakitzen dugun, biana ziur nago albiste onekin irtengo garela”, aipatu du Izagirrek. “Nik uste dut egitasmoa egonkorra dela, eta taldea osatu behar dugu egonkortasun hori bermatzeko. Kultur proiektua diseinatua eta onartua dago. Patronatu guztiak elkarrekin badu bere proposamena”, adierazi du bere aldetik Garitanok. Fundazioak jakinarazi duenez, 14:30ak inguruan bileran gertatutakoaren berri emango dute.
Donostia 2016 Fundazioak bidalitako oharraren arabera, Elizondok duela 15 egun aurkeztu zion dimisioa orduan zuzendari nagusi zen Nogerasi. Dirudienez, Nogerasek erabakia errespetatu zuen, baina egun batzuez atzeratzeko eskatu zion. Hala, atzo, apirilak 3, dimisioaren erabakia ofiziala egin zuen. Donostia 2016ko lantaldeak goraipatu eta eskertu egin du azken zazpi hilabeteetan Elizondok egindako lana.