Parte Zaharrak gaztetxe bat izan dezan aldarrikatzeko, kalejira bat egin zuten joan den larunbatean. Festa eguna, ordea, zapuztuta geratu zen Ertzaintzaren etorrerarekin. “Jai giroan burutzeko asmoa genuen; trikitilariak, bertsoak kantatuz, dantzan … Kalejira hasi aurretik, jendea bilduta geundela, Ertzaintza agertu ziren. Hasieratik bertatik adierazi ziguten ez genuela hori egiteko baimenik, zer egin behar genuen galdetu aurretik, eta kalejira egitekotan, beraiek edozein aukeratu, identifikatu eta arduradun egingo zutela. Behin eta berriz esaten ziguten 2.100 euroko isuna izango zuela kalejira hori egiteak”, azaldu du kalejiran parte hartu zuen gazteetako batek.
Ertzaintzaren jarrera ikusita, kalejira bertan behera uztea erabaki zuten, baina egiteko zituzten jarduerak, talde txikitan egitea pentsatuta zituztenez, gauzatzea erabaki zuten. “Egin beharrekoak errazak ziren: okupazioaren logoak faroletatik zintzilikatu, hutsik dauden etxeetan okupazioaren logoa jarri, Uxotegik 3 urteren ondoren hutsik jarraitzen duela adierazi, igeltsoarekin gure leloak zabaldu….
Talde horietako bat kalean zela, ertzainak korrika agertu ziren eta gazteek ihes egin zuten. Orduan, kalean zebilen beste gazte bat hartu eta arkupe batzuetara eraman zuten ezkutatuta, identifikatzeko asmoz, oso modu txarrean eta ‘tu eres el responsable’ (zu zara arduraduna) esanaz. Hori ikusita, auzoko jendea bertara gerturatu zen eta ertzainak bortizki erasotu zuen jendea, borrekin eta modu oldarkorrean. Ez zen zauriturik egon, baina jendea gogor kolpatu zuten”, esan du gazteak, eta zauritu baten argazkiak erakutsi ditu froga gisa –ikus beheko argazkiak–. “Hau lotsagarria dela deritzogu, baita oztopoen gainetik gaztetxerako bidean gogor jarraituko dugula ere”, erantsi du.