Gizarte Segurantzaren Diruzaintzaren buloegoaren aurrean egindako elkarretaratzea. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
LAB sindikatua kalera irten da gaur,
Botere osoa Mutualitateei, koska bat estuago gure osasunaren kontra leloarekin. Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko Eguna dela eta antolatu dute protesta. Donostiako kasuan, sindikatuko kideek giza katea egin dute Grosen, eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza bulegoaren aurrean egindako elkarretaratzearekin amaitu dute mobilizazioa.
LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaidek hartu du hitza bertan, eta Gizarte Segurantzaren egoitzan kontingentzi profesionalen kobertura aldaketaren eskaera erregistratu dutela jakinarazi du. Eskaera horren bitartez, osasun zerbitzua Osasunbideak eta Osakidetzak betetzea eskatu du sindikatuak, beste eredu baterako bidean lehen pausu gisa.
Ainhoa Etxaide. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Hain zuzen ere, eskaera Mutualitateen legearen erreformaren harira egin dutela esan du Etxaidek, langileen osasunarekin lotutako guztia zerbitzu publikoek erabaki dezaten eskatzeko. “Zerbitzu publikoek hartu beharko lituzkete erabaki horiek, kontrol publiko baten ondorioz hartutako erabakiak izango liratekeela ziurtatzeko. Izan ere, Mutualitateek eskumen hori lapurtu egiten diote zerbitzu publikoari, eta, ondorioz, pribatizazio bat gertatzen da; alegia, lan osasunaren kudeaketa negozio bat bihurtzen da, eskubide bat behar duenean izan”, kritikatu du. Egoera horren aurrean, LAB lantoki guztietan lanean hasi dela azaldu du, langileen batzordeen eta enpresarien arteko negoziazioa sustatzeko, lan kontu guztiak zerbitzu publikoen arabera kudea ditzaten eskatzeko.
Bestalde, LABeko idazkari nagusiak joan den urtean Hego Euskal Herrian lanean hil ziren 55 pertsonak ekarri ditu gogora, eta aurten dagoeneko 16 lagun hil direla salatu du. Heriotz horien guztien atzean “erantzukizun politikoa” dagoela nabarmendu du, lan istripu gehienak “prekarietatearen ondorio” direlako. “Istripu gehienak saihestu ahal ziren. Prebentzio neurriak behar bezalakoak ez direlako eman dira”, azpimarratu du.