'Akitania Zesar aurretik?'
Aurtengo martxoaren 8an Galiarren aroan. Zesar aurreko Akitania deituriko erakusketa bisitatu nuen San Telmo Museoan. Zesar aurretik ez zegoen Akitania deitzen zen inongo lurralderik. Erromatarrek mendebaldeko Europa konkistatu zutenean, Loira ibaiaren iparraldean, Pirinioak hegoaldean, Atlantikoa mendebaldean eta Auvernia ekialdean dituen lurraldeari izen hori jarri zioten. Italia, Hispania, Pannonia, Britannia eta Alia… erromatarrek jarritako izenak dira, baina geografikoak soi-soilik, ez etnikoak, kulturalak ez eta beste motatakoak ere. Rhin eta Loira ibaien arteko lurraldeari, hain zuzen, Galia deitu zioten.
Aipatu erakusketa Akitania euskal lurraldean galiarrek zuten bizimoduari buruzkoa da. Galiar deiturikoak –jatorriz indoeuropar tribu etorkinak– Burdin Aroan Loira ibaiaren iparraldean kokatu zirenez, Akitanian zuten presentzia gaur egun Euskal Herrian txinatarrek, ijitoek, ketxuek edo Senegalgo wolofek dutenaren antzekoa izango zela pentsa daiteke.
Hartara, Txinatar –edo ketxua eta abar– garaietan Euskadi Merkatu Batuaren barruan izeneko erakusketa egin daiteke. Deigarria da Akitania bezalako eremu euskaldunarekin lotuta egonda ere, hemen kokatu ziren galiarrak bakar-bakarrik aipatzen direla, eta ezertxo ere ez esatea lurraldeari, bertako biztanlegoari, kulturari, hizkuntzari, bizimoduari, hileta erritualei, lan harremanei eta abarri buruz, ez eta atzerritar galiarrek bertako euskaldunekin zituzten harremanei buruz ere. Badakigu, bestalde, indoeuropar jatorriko zeltiarrak deituriko beste taldeak ere iberiar penintsulan kokatu zirela. Garrain (Soria), adibidez, bertako jatorrizko euskaldunekin bizitu ziren eta elkarrekin erromatarren aurka borrokatu ziren Numantziako gatazkan, baina Garrai bertakoa zen ez galiarra.
Esan bezala, Akitaniako bertako jatorrizko biztanleak ezertarako ez aipatzea deigarria da eta baita horiek kanpotik etorritako etorkin galiarrekin zituzten harremanak ez aipatzea ere. Baina, delako erakusketa frantses arduradun batzuek antolatua izan dela jakinda (galiarrak ez direnak, frankoen, beraz, germaniarren ondorengoak baizik) ez da harritzekoa, behin baino gehiagotan horrelakoak ezkutatzeko maniobrak ikusi baititugu. Bai, ezkutatzea. Badira interesak gu, nafar, euskaldun eta gaskoi –gauza bera direnak– aitzinatik, orainetik eta etorkizunetik desagerrarazteko, eta maniobra hau –ezkutatzekoa– asko erabiltzen dute frantsesa bezalako erakundeek –eta espainolak, noski–, bere historiaren kondaira inposatzeko. Maniobra gabachea goitik-behera. Eta hitz hau –lotsagabea, edukazio gutxikoa etabar esan nahi duelako– ez dut gustuko, baina hemen bai, erabili egingo dut; Simin Palay, idazle gaskoinak esaten zuen bezala, La Gabacherie c’est en coin du fond de la Turquie, gure lehengusu propio diren gaskoinek asmatutako esaera, zentralismo frantsesa zabaltzen ari zela. Gabacheak iparraldeetik etorritako atzerritarrak ziren (Frantziatik).
Erakusketako ataletako batean, Trésor de Barcus (Barkoxe) delakoa azaltzen da. Zer pintatzen dute txanpon horiek erakusketa horretan? Barkoxtarrak ere galiarrak ziren ala? Edota germanikoak?
Andre eta Jean Sellier historialariek ondo esaten dutenez: «Frantziako historiak, Clodoveoz eta Carlomagnoz hitz egitean, Frantzia eta frantsesak bazirela ematen du… baina ez du ezertxo ere esaten bai bata eta bai bestea hizkuntz germanikokoak zirela».
Laburtuz, erakusketa honetan antolatzaileek garbi utzi nahi dute, itxuraz, gu euskaldunok, ez garela existitzen, eta beraiek direla ez germanoen (frankoen) ondorengoak, galiarrenak baizik.Aurrera bada, San Telmo Museoa, eta antolatu dezala hirugarren paragrafoan esandako erakusketa Txinatar –edo ketxua etabar– garaietan Euskadi Merkatu Batuaren barruan. Agian Gobernu txinatarrak bidaliko dio laguntzaren bat. Nire Auzoak, elkarren Bizi-Lagunak gara. Izan gaitezen, bada.
Arantza Amunarriz