Euskarak eta jaiak bat egin dute Plaza Haundin
Egia Euskaraz Eguna ospatu dute bertako bizilagunek, ‘Egia, plazara, dantzara!’ lelopean.
Egia plazara, dantzara!, horixe da aurtengo Egia Euskaraz Egunaren leloa, eta ederki betetzen ari dira bertako bizilagunak. Izan ere, Plaza Haundin dantzan topatu ditu egiatarrak IRUTXULOKO HITZAk. Zehazki, Zazpi Jauzi dantza entseatzen ari ziren adin desberdinetako egiatarrak, arratsaldean guztiek elkarrekin dantzatzeko. Entseguan, gainera, Trebeskako dantzari batzuen laguntza izan dute, dantza ez zekitenek nori jarraitu izateko. Euskararen erabilera sustatzea dute helburu Egia Euskarazek, eta euskal dantzak dira aurtengo jaiaren ardatza. Bi urtez behin egiten dute ospakizuna, Egiako Euskara Batzordeak eta auzoko beste hainbat eragileren eskutik.
Musika, tailerrak, pintxoak eta sagardo dastaketa izan dira goizeko protagonistak. Gainera, mural koloretsu bat ere margotu dute, Tejeria kalean, euskararen aldeko hainbat lelorekin. Ondoren, elkarrekin bazkaldu eta Egia ote? lehiaketa egiteko asmoa dute, 16:00etan. Jolasaren ostean, 16:30ean, gazteek edalontzien kanta eta koreografia egingo dituzte, eta jarraian, Txantxariak taldeak emanaldi bat eskainiko du. Ongi entseatu dutela erakusteko garaia, 18:30ean iritsi da, orduan auzotar guztiek batera Zazpi Jauzi dantzatzea baitute helburu. Erdizka Lauetan taldearen erromeriarekin borobilduko dute eguna.