Jendea hondartzan. (Argazkia: Jon Fernandez Blasco de Imaz)
Donostia Turismoak lehen lauhilekoaren balantzea egin du. Urtarriletik apirilera bitarteko datuak eman dituzte; Aste Santua tarteko, iazko datu guztiak hobetu dituzte.
Manu Narvaez, Donostia Turismoako zuzendariak eta Josu Ruiz, Garapen Ekonomikoko zinegotziak eman dituzte aurtengo lehen turismo datuak. Iazko datuak onak izan baziren, aurten ere goranzko joerari eutsiz hasi dela urtea adierazi dute. Izan ere, alor guztietan egin dute gora turismo datuek.
Bisitariei dagokionez, Eustaten datu ofizialen arabera, bisitari kopuruak %4,6an egin du gora. Gaualdiak, berriz, %3,3 ugaritu dira, 230.000 izan direlarik. Era berean, turismo bulegoko zerbitzuak ere handitu egin dira; lehen lauhilekoan 43.000 bisitari baino gehiago artatu dituzte. Produktu turistikoei dagokionez, Donostia Turismoak eskaintzen dituen bisita gidatuen zerbitzua zabaltzearen ondorioz, fakturazioa %40tik gora igo da.
Manu Narvaezen esanetan, “ereindako haziaren uzta dira” datu positibo hauek. Donostia “kalitatearen marka” bihurtu dela nabarmendu du, bai Espainian eta baita nazioartean ere. Atzerritarrak erakartzen egin du, hain zuzen ere, Donostia Turismoak ahaleginik handiena. “Europa eta AEBetako bisitarien gorakada nabarmena da”, esan du Narvaezek. Hala, aurrerantzean ere bide beretik jarraituko dutela adierazi dute.
Dena dela, bisitariez gain, atzerriko azoketan eta aldizkarietan ere Donostiaren presentzia sustatu du Donostia Turismoak. Ondorioz, hiria hainbat batzar, bilera bidaia eta kongresutarako norako bihurtu dela azpimarratu dute.
Aurtengo uda
Lehen lauhileko datuak aztertutako, uda ere ona izatea espero dutela adierazi du Josu Ruizek. Gainera, oraindik datu zehatzik ez badute ere, maiatzean ere bisitari asko sumatu omen dute hirian, beraz, joera horri eustea espero dute. Dena dela, iazko turismo datuak oso onak izan direla onartu du Josu Ruizek, %80-90eko betetze maila lortu zutelarik uztailean eta abuztuan. Hala ere, hobetzeko tarte txikia badute ere, uda ona izatea espero dute.