Txema Hernandez, Naiara Sampedro eta Patrick Alfaya, Musika-uzta kontzertuaren aurkezpenean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Musika-uzta kontzertua larunbatean izango da, 12:00etan, Intxaurrondo kultur etxeko baratzean. Udal Musika eta Dantza eskolako 100 ikasletik gora izango dira bertan.
EtxEKOlanda egitasmoaren baitan, kontzertu berezia antolatu dute larunbat honetarako Cristina Enea Fundazioak, Donostia Kulturak eta Musika eta Dantza Eskolak. Aurten lehen aldiz, Musika Hamabostaldiak ere bat egin du egitasmoarekin. Hala, musika, ingurumena, nekazaritza eta kultura uztartu nahi izan dituzte eremu bakarrean.
Intxaurrondo kultur etxeko baratzea aukeratu dute horretarako. Baratze horretan Intxaurrondo Hegoa ikastetxeko ikasleak aritu diran lanean ikasturte guztian zehar, eta larunbatean ere euren uzta erakusteko eta jasotzeko aukera izango dute. Patataren inguruko argibideak emango dituzte, adibidez, edo insektuak uxatzeko edo erakartzeko landareak zeintzuk diren azalduko dute.
Baina ez dira bakarrik egongo, beste hainbat ikasle ere inguruan izango baitituzte. Kasu honetan, Udal Musika eta Dantza eskolako 100 bat haur eta gaztek barazkiei musika jarriko diete. Bildutako barazkien araberako, eta
gaiarekin erlazionatutako hainbat pieza jo eta abestuko dituzte. Emanaldia “koloretsua eta alaia” izango dela aurreratu du Txema Hernandez, Cristina Enea Fundazioko zuzendariak. Abba talde suediarraren abesti batzuk edota Enni Morricone konposatzailearen
The Mision filmeko pieza batzuk interpretatuko dituzte, besteak beste.
Patrick Alfaya, Musika Hamabostaldiaren zuzendariak adierazi duenez, lehen aldia da musika klasikoa nekazaritzarekin zuzen zuzenean lotzen dena, eta “oso ikuskizun aberatsa” sortuko omen dute.
Kontzertua 12:00etan hasiko da, eta doan izango da. Antolatzaileek Intxaurrondoko kultur etxera joateko gonbita luzatu diete herritar guztiei. Eta bestela, ikuskizuna streaming bidez ere jarraitu ahal izango dute Musika eta Dantza Eskolako webgunearen bitartez.