'Nazioarteko 200. Erakusketa' zabaldu dute, 60 akuarela baino gehiagorekin
Euskal margolariek zein Europako hainbat txokotakoek egindako lanak topa daitezke Okendo kultur etxean, abuztuaren 23a arte.
Euskal Akuarilarien Elkarteak Nazioarteko 200. Erakusketa ekarri du Donostiara; Gasteiz, Bilbo eta Burgosetik igaro ostean. Zehazki, Okendo kultur etxean jarri duten erakusketa 64 akuarelek osatzen dute, eta abuztuaren 31 arte egongo da ikusgai. Azken batean, omenaldi gisako erakusketa bat da; 1945ean elkartea sortu zenetik berarekin lanean jardun duten guztiei eskainiz. Hala, elkarteko margolariek egindako lanez gain, European Confederation of Watercolour Societies-eko kideak ere gonbidatu dituzte, beste hainbat herrialdeetako margolarien lanak ikusgai jarriz. Euskal Akuarelarien Elkarteko Esther Galarza eta Noemi Gonzalez, eta Okendo kultur etxeko Susana Bustero arduratu dira erakusketaren nondik norakoen berri emateaz, gaur eguerdian. “Formatu eta estilo anitzetako akuarelak jarri ditugu erakusketan, akuarelaren egungo egoeraren berri izateko. Egungo teknika bat da akuarela, bizirik dagoena eta eraldatzen ari dena”, azaldu du Gonzalezek. Erakusketa jartzeko akuarelisten deia jaso zuenean, bi aldiz pentsatu gabe baiezkoa eman ziela ziurtatu du Busterok. “Beraien deia jaso nuenean, ez nuen inolako zalantzarik izan. Okendo kultur etxeak bultzatu nahi duen alorretako bat da akuarela, eta erakusketak Gipuzkoan ere bere tartea merezi zuela uste dut”.
Ura eta Europaren kolorea Donostian. Urmagoen gaur egungo agerpena. Bi esaldi horiek ematen diote ongietorria kultur etxera sartzen den bisitariari, eta ondoren, koadro koloretsuez gozatzeko aukera izango du. Erretratuak, paisaiak, bodegoiak… denetariko margoak topa daitezke erakusketan, akuarelaren aniztasunaren lekuko. Gainera, erakusketarako aukeratuak izan ez diren beste hainbat lanetaz ere gozatzeko aukera dago, aretoan jarri duten pantaila batean. Esther Galarzak bereziki gogoan izan du Juan Antonio Uriartek elkartearengatik egindako lan guztia: “Erakusketan jarri dugu El abra izeneko bere margolana, eta lan hori bera aukeratu dugu erakusketaren azal moduan. Asko dugu berari eskertzeko”.
Euskal Akuarelarien Elkarteak 300 bazkide ditu, horietatik 30 inguru dira gipuzkoarrak, eta Okendoko erakusketan horietako zazpiren lanak jarri dituzte. Gainera, datorren urtean elkarteak 70 urte beteko ditu, eta urte guztian zehar hainbat jarduera egingo ditu, ospakizunarekin bat eginez. Horrela, aspaldian ahaztuak dituzten haur eta gazteengana iristea jarri dute helburutzat. “Gizarteko beste talde batzuengana iritsi nahi dugu. Nahiko utzita ditugu haurrak eta gazteak eta eurengana ere iristeko jarduerak egiteko asmoa dugu”, gehitu du Gonzalezek.
Okendoko erakusketa astelehenetik larunbatera egongo da zabalik. Astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era; eta larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:00etara. Gainera, ekainaren 17an, 18:00etan, maisu-eskola bat eskainiko du Aitor Renteria bizkaitarrak, 170 lekuak bete arteko partaidetza librearekin.