"Merezitako" omenaldia jaso dute arrantzaleek
Karmengo Ama arrantzaleen zaindaria da. Horregatik, eta urteroko tradizioari jarraituz, 70 urtetik gorako Gipuzkoako baxurako arrantzaleak omendu dituzte. Gaurkoa 87. ekitaldia izan da.
Omenaldia udaletxean agintariek egin dieten harrerarekin hasi dute. Bertan izan dira Garapen Ekonomikoko zinegotzi Josu Ruiz; Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Oroz, eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano, besteak beste. “Zuek harro sentiarazi gaituzue, zuen lanarekin ekarpen handia egin duzue, eta arrantza sektore estrategikoa izan da gure ekonomian”, nabarmendu du Ruizek. Oraindik ere arrantza zenbait herrietan mantentzen den arren, Donostia “atzean” dagoela esan du: “Espero dezagun noizbait lonja berria izatea”. Emakumeak duela hiru urte omentzen hasi zirela azaldu du, eta horiek ere gogora ekarri nahi izan ditu, “arrantzaren parte izan baitira, bereziki saregile gisa, baina baita seme-alabak zaintzen ere”.
Garitanok, berriz, arrantzaleen lan gogorra azpimarratu du: “Lan latza da arrantzaleena, bizitza gogorra izan duzue, baina aurrera egin duzue. Euskal Herriaren historia ez litzateke berdina izango itsasoa eta arrantzarik gabe”. Bittor Orozek arrantzaleek “gure izaerari” eman dioten ekarpena oso handia dela erantsi du.
Agintarien hitzen ostean, arrantza eta arrantzaleen bizitza ez ezik, gaurko eguna hizpide hartuta, Patxi Larrañaga arrantzale oihak eta Angel Larrañagak bertsoak kantatu dituzte. Gainera, dantzariek, txistularien laguntzarekin, bi dantza eskaini dizkiete omenduei. Bestalde, Gipuzkoako portu bakoitzeko arrantzale zaharrenek agintarien eskutik oroigarri bana jaso dute, eta emakumeei eskertze ere egin diote, lore sorta bat eskainiz.
Udaletxean egindako ekitaldia amaituta, Kaiko San Pedro elizara abiatu dira, 12:15eko meza entzutera. Ondoren, Kresala dantza taldeak Agurra eskaini die, eta txalo zein arku artean igaro dira arrantzaleak. Egunak elkartzeko eta aspaldiko istorioak kontatzeko parada eman die, eta horixe bera egin dute, Gaztelubide eta Aitzaki elkarteetara bazkaltzera zihoazela.
Urteak pasata ere, hutsik ez
Guztira, 365 arrantzale omendu dituzte, baina gaur Donostian 150 elkartu dira. IRUTXULOKO HITZAk horietako batzuekin hitz egin du, euren bizitza nolakoa izan den, eta egun berezi hau nola bizi duten azaltzeko.
Manuel Uranga (Orio, 1925) hamairu urte zituela hasi zen arrantzan, 1939an. Gerra ondoren, gosete handia zegoen, eta lehenengo urteak zailak izan zirela azaldu du. “Hemezortzi urte nituenean gaixotu nintzen eta arrantza utzi behar izan nuen”. Hala ere, sendatu bezain laster, arrantzatzen hasi zen berriro, eta 65 urtez egon da itsasoan. 90 urte beteko ditu urtarrilean, eta 70 urte zituenetik omenaldira etortzen dela azaldu du, “lagunekin egoteko aukera oso ona da, eta primeran pasatzen dugu”.
Jesus Mari Olaskoaga hondarribiatarra hamabost bat urterekin sartu zen arrantza munduan, sukaldean laguntzen lehenengo. Kanpoan eman zituen urte asko, “sei hilabete etxean, eta beste sei hilabete kanpoan”. Baina azkenean, Hondarribian gelditzea erabaki zuen, familiagatik, alegia. Hain gogorra den lan honek zenbait kalte eragin zizkion, eta 57 urterekin erretiroa hartu behar izan zuen. Olaskoagak ere ez du hutsik egiten, eta urtero dator Donostiara Karmengo Amaren egunean, “kontu kontari” ibiltzeko.
Angel Larrañaga ez da arrantzalea, baina bertsotan ibiltzen da urtero omenaldi egun honetan, Patxi Etxeberriarekin batera. “Harrigarria iruditzen zait adin honekin hainbeste jende biltzea. Laguntzarik gabe alde batetik bestera ibiltzen dira”. Bazkalondoa indartsua izaten dela aitortu du, itsas kantak abesten dituztelako. “Arrantzaleek berezko odola dute, itsasoak zerbait berezia du, eta euren izaera gogorra da”, amaitu du.