Aste Nagusia prestatzeko Liburutegi Nagusian egindako bileretako bat. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Aste Nagusia Kanoikadarekin abiatuko da, abuztuaren 9an, larunbatarekin, eta festa hasierak gonbidatu bereziak izango ditu aurten ere: Aste Nagusiko udal egitaraua osatzeko jarduerak antolatzen parte hartzen duten elkarteetako ordezkariek kantatuko dute Artillero, dale fuego!
Donostiako Udalak euren ekarpena aitortu nahi izan du horrela. Nerea Txapartegi udal gobernuko Kultura arduradunak azaldu du zergatik erabaki den aurten, egun eta une berezi horretara, elkarte hauek gonbidatzea: “Aste Nagusiko egitaraua urtetik urtera gero eta zabalagoa eta parte-hartzaileagoa da, festak guztion artean egiten ditugunaren adierazle, eta, honenbestez, festetan modu aktiboan jarduerak antolatzen aritzen diren elkarteak gonbidatu nahi izan ditugu oraingoan, azken batean, festak aberastu egiten dituztelako eta festari kolorea ematen diotelako”.
Aste Nagusiko egitarauan dozenaka ekintza daude eta horietako asko elkarteek beraiek antolatutakoak, izan kirol jarduerak edo gastronomia eta kulturarekin lotutako jarduerak. Egun horretako protagonistak, beraz, 26 elkartetako ordezkariak izango dira. Hona hemen elkarte gonbidatuen zerrenda: AGATA (Asociación Guipuzcoana de Amigos del Tango Argentino), Alde Zaharra Kirol Elkartea, Arkaitz Añorgako Dantzariak, Amarako Jai Batzordea “Amara Jai”, Askatuak, Bera Bera Patin Eskola, Bera Bera Errugbi Taldea, Bera Bera Saskibaloia, Bera Bera Eskubaloia, Bera Bera Karatea, Bera Bera Boleibola, Donostiroller, Easo Saski Baloi Taldea, Eskola Dantza Taldea, Fortuna K.E. Igeriketa, Fortuna K.E. Esgrima, Fortuna K.E. Piraguismoa, Gero Axular Dantza Taldea, Goizaldi Dantza Taldea, Herridantza Taldea, Kresala Dantza Taldea, Real Club Nautico, Rugby Playa Donostia-Memorial Iñaki Arana, Trebeska Dantza Taldea, Urban 13, Waterpolo Donostia.
Hauek guztiak Donostia Kulturako Festak unitatera Aste Nagusiari begira jarduerak proposatzera hurbiltzen diren elkarteak dira. Txapartegik gogorarazi du urtero bilera irekiak egiten direla elkarteek ideiak eta proposamenak egin ditzaten: “Keinu txiki baina garrantzitsu honen bitartez, eskerrak eman nahi izan diegu elkarteei, eta egiten duten lana eta ahalegina txalotu. Ez dugu ahaztu behar aurten bi ekimen berri txertatu ditugula egitarauan, goitibeheren lasterketa eta antzerki amateurra, eta iaz beste bi ekitaldi txertatu genituela, haurrentzako jolas eta kirol tailerrak, eta 24 orduko futbito txapelketa. Hau guztia elkarteen bizitasunaren isla izateaz gain, txalotzekoa da, urtetik urtera, herritar antolatuei esker udal egitaraua aberasten delako”.