Jesica Manso egiatarrak lortu du lehen postua. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Sukaldaritza beganoa sustatzeko asmoz, lehen tortilla begano lehiaketa egin du Askekintza Animalista elkarteak. Guztira hogeita sei tortilla aurkeztu dituzte lehen ekitaldi honetan, eta jende andana gerturatu da osagai begetalekin egindako tortillak dastatzera.
Jesica Manso egiatarrak irabazi du lehiaketa. Patata, tipula, piper berdea, garbantzu irina eta ozpin tanta batzuk izan dira lehiaketa irabazteko erabili dituen osagaiak. Begetarianoa da Manso, eta pixkanaka elikadura beganora ohitzen ari dela azaldu du. Halere, lehen aldiz egin du horrelako tortilla bat. Sukaldaritza ikasten ari da.
Bigarren postua eskuratu du Groseko Vanesa Agirrek. Liburu asko eta asko kontsultatu dituela aitortu du Agirrek. Garbantzu eta arto irina nahastu eta soja esnea erabili duela azaldu dio Irutxuloko Hitzari.
Jon Garrido hirugarren postuan geratu da. Aietearra beganoa da eta ohituta dago tortilla beganoak egitera: “Ohiko patata tortilla baten moduan prestatu dut. Arraultza erabili beharrean patata fekula eta tapioka irina erabili ditut”.