Erdialdeko eta Antiguako TAO guneak aldatzea proposatu du PPk
2013ko martxoan onartu zuten ordaindutako aparkalekuen ordenantza. PPk ere onartu zuen arautegi berria, baina urte eta erdi ondoren, ordenantzak aldaketak behar dituela aitortu dute popularrek.
Hala adierazi du Iñigo Arcauz zinegotziak, eta ordenatza aldazeko hainbat proposamen aurkeztuko dituzte. Erdialdean eta Antiguan proposatu dituzte aldaketa nabarmenenak. Bi eremu batu nahi dituzte: 1-2 (Erdialdea) eta 1-3 (Amara Zaharra) eremuak. Horrekin batera, Garibai kalea eta Morlans koexistentzia gune izendatzea eskatuko du PPk, aurrez aipatutako bi eremuetako bizilagunek aparkatu ahal dezaten bertan. Mugikortasun zinegotziak soilik du horretarako eskumena, baina udal gobernuaren jarrera nahiko baikorra dela onartu du Arcauzek.
Antzeko bateratzea proposatu dute Antiguako 4-4 (Benta Berri) eta 4-6 (Lorea) eremuetarako ere. Izan ere, Benta Berrin aparkaleku arazo ugari izaten omen dituzte eta Lorean, berriz, lekuak soberan.
Bestalde, Portuene kale osora zabaldu nahi dute TAO zerbitzua. Orain erdiraino bakarrik dago, eta Arcauzen arabera, kalearen goialdeko bizilagunek aparkatzeko arazoak izan ohi dituzte, batez ere uda sasoian.
Neurri hauekin guztiekin aparkatzeko arazoak hobetuko direla uste dute popularrek, eta Erdialdean egoiliarrentzako leku gehiago sortzeko ere une egokia izan daitekeela uste dute.