Auzoko jaiak igandera bitarte ospatuko dituzte.
Gotzon Beloki, erdian, Intxaurrondoko alkate berria. (Argazkia: Lide Ferreira)
Alkatetzarako hauteskundeekin eman diote hasiera Intxaurrondo Zaharreko jaiei. 17:00etatik aurrera, postontzia irekita egon da, eta gutxika-gutxika auzotarrak Intxaurrondo kalearen erdialdera hurbiltzen joan dira. Arratsalde osoa bertan igaro du Bedats de Miguelek. “Mahaian nagoela lehenengo urtea da, anaiarekin batera. Badirudi, lehia bi hautagaien artean dagoela; eta, nik bozkatu dudana horietako bien artean dago. Ea zer gertatzen den”.
Auzoa jai giroan murgiltzeko asmoz, pintxo pote tinbalada Taupada taldearen eskutik. Auzotik zehar ibili dira, mozorrotuta, eta hainbat tabernetan egin dute atsedena. Batukadan parte hartzen duen Patxi Delgado Irundarra den arren, bi urte daramatza Intxaurrondo Zaharreko jaiak alaitzen, eta sentipen handiko egunak direla dio. Maddi Metaute intxaurrondotarra bat dator Delgadorekin: “Festak oso herrikoiak dira. Beste auzotakoek ez dituzte ondo ezagutzen, baina geroz eta jende gehiago dator”.
Auzoko txikienek ere jaien lehenengo egunaz gozatu dute:
Poxpolo eta konpainia ikuskizuna, buruhandiak, txokolatada… Batzuk buruhandien beldur izan dira eta ahalik eta ahalik eta hoberen ezkutatu dira. Beste batzuk, ordea, buruhandien atzetik ibili dira, algara artean zirikatzen. Hainbeste korrika egin ondoren, haurrak zein helduak txokolatadarekin indarberritu eta alkatea nor izango den jakiteko elkartu dira, Intxaurrondo kaleko balkoi bati begira.
Bertatik, bozkatzeko epea amaitu dela jakinarazi dute, eta bozken zenbaketari ekin diote. Zazpi hautagaitik Ibon Iturrioz eta Gotzon Beloki izan dira bozkatuenak, eta azken unera arte ez dute jakin nork irabazi duen. Izan ere, oso gertu ibili dira, eta hiruzpalau bozkek besterik ez diote Gotzoni garaipena eman. Alkate berriari behar bezalako harrera egin diote eta balkoira igo da. Urduritasunarekin hitz gutxi esan ditu, baina pozik eta irribarretsu bota du jaiei hasiera ofiziala eman dien txupinak. “Nire lehenengo urtea da hautagai bezala. Lehia handia zegoen, baina azkenean, ez dakit nola, nik irabazi dut”, aitortu dio IRUTXULOKO HITZAri. Alkateak betebehar batzuk dituen arren –sariak ematea esaterako–, abantailak ere baditu. “Aurtengo berritasuna da alkateak egiten dugun afari herrikoian mahai presidentzial bat daukala, besteak baino pixka bat esklusiboagoa”, azaldu du Gotzonek. Ibon Iturrioz bigarrena izan da, eta pena eman dio ez irabazi izanak. “Gazteok egin dugun lanari esker, guregan konfiantza eta sinesgarritasuna izatea lortu dugu, eta horregatik irabaztea pentsatzen genuen. Pena bat izan da. Hurrengo urtean saiatuko gara berriro”.
Urteko intxaurrondotarrari saria
Intxaurrondoko kanta taldeak jaso du urteko intxaurrondotarraren saria. (Argazkia: Lide Ferreira).
Behin alkatea izendatu dutenean, urteko Intxaurrondotarrari saria eman diote. Aurten, Intxaurrondo Zaharreko kanta taldea omendu nahi izan dute. Joserra Beloki eta Itziar Zamora igo dira balkoira saria jasotzea, eta eskerrak eman ondoren, balkoira begira zeuden auzotar guztiei abesteko gonbitea egin diete. Intxaurrondotarrek
Habanera kanta abestu dute; batzuk buruz, eta beste batzuk, berriz, kantapaperaren laguntzarekin. “2001. urtean Larrotxenen pertsona batzuk elkartu ginen abesteko”, azaldu dio Belokik IRUTXULOKO HITZAri. Zamora urte bete beranduago hasi zen, baina 2002tik hona, bera izan da taldearen gidaria, gitarra daramana. Talde hau sortu zutenean, euren helburua kantatzeko ohitura berreskuratzea zen, auzotarrak elkartzea eta ongi pasatzea. “Abestiek duten garrantzia kalera atera nahi genuen. Beti leloarekin gelditzen gara, baina bertsoak ere ezagutarazi nahi genituen”, adierazi du Zamorak. Gaur Intxaurrondo Zaharreko jaietan jaso duten sariarekin pozik daude: “Egin dugun lanari aipamen bat egitea beti da pozgarria”, amaitu du Belokik.
Ondoren, aurreskua dantzatu dute, eta hainbat auzotarrek osatutako abesbatzak zenbait abesti eskaini ditu. Jai giroan murgildu dira, beraz, intxaurrondotarrak eta eguna bukatzeko Mozorro afari herrikoia egin dute, eta rock kontzertuak izan dira nagusi: Goragaleak, Hiikar eta Niña Coyote eta Chico Tornado. Kontzertuen bitartean, ostruka arrautzen frijitze txapelketa egingo dute, eta gauerdian zezen suzkoa ibiliko da auzoko kaleetatik barrena.
Bihar festak jarraituko du, eta
igandean emango diote amaiera Intxaurrondo Zaharreko jaiei.