Herritarren eskuetan dagoen bankua izan nahi du
Fiare Banku Etikoaren helburua gizartea aldatzea da.
www.proyectofiare.com webgunean aurkitu daiteke, edota Iparrigirre 8 kalean, Grosen, astearteetan, 18:00etatik 20:00etara.
Donostiako Udaleko Lankidetza sailak babestuta, Donostia Banka Etikoarekin kanpaina antolatu dute Setem, Mugarik Gabeko Ekonomilariak eta Donostiako Fiare taldeek. Helburua hirian finantza produktuen kontsumo kritikoagoa, arduratsuagoa eta eraldatzaileagoa bultzatzea da, hain zuzen ere, Fiare Banku Etikoa sustatuz. Horregatik, eta Fiare donostiarrei ezagutarazteko, mahaiak, informazio bideoak eta haurrentzako lankidetza jolasak eskaini dituzte, Erdialdeko Loiola kalean.
Fiare banku etiko, kooperatibo eta herritar bat osatzeko proiektu bat da. Beste ekonomia bat posible dela sinesten duten ahaleginen baturatik jaio da eta alternatiba bat eskaini nahi du finantza bitartekaritzan, dirua gizartea birsortu nahi duten proiektuen esku jarriz. Erakunde gardena da, lurraldeka egituratua, ekonomia solidarioaren printzipioen arabera kudeatua, eta Ekonomia Alternatibo eta Solidarioen Sareko kide da.
IRUTXULOKO HITZA Fiareko Donostiako taldearen arduradun Jon Intxaustirekin izan da, banku etiko honen inguruan hitz egiteko. Fiare sortzeko proiektua krisia baino lehen hasi zela azaldu du: “Elkartu zirenek diruarekin gauza asko egin zitezkeela ikusten zuten, baina jendea kontzientziatu behar zen lehenengo. Euren dirua banku horretara ekartzen bazuten, proiektu asko jarri zintezkeen martxan. Eta, horrela, gutxika-gutxika, jendeak interesa erakusten joan zen”. Hala ere, kooperatiba bat sortzeko, Espainiako bankuak bi baldintza ezartzen zituen: bost milioiko kapitala gutxienez izatea, eta 5.000 bazkidek osatzea. Europa mailan ere, horrelako mugimendua zegoela ikusi zuten, eta Italiako Banca Popolare Eticarekin harremanetan jarri ziren. Haiek euren agente bat izango balira bezala hasteko esan zieten, martxan jarri ahal izateko.
Italiako kreditu kooperatibaren laguntzarekin, Fiare finantza arloko bitartekaritza egiten hasi zen, eta 2006tik eskaintzen dituen aurrezki produktuen bidez, gizarte eraldaketa bultzaten duten erakunde eta proiektuen finantzaketa ahalbidetu du. Honela, euren dirua era arduratsuan erabili nahi duten pertsona eta erakundeen aurrezkia bideratzen du. Jon Intxaustik etortzen den jendea beste “bankuetaz nazkatuta” dagoena dela adierazi du, eta eurek militanteak behar dituztela nabarmendu du, denak boluntarioak baitira.
“Maileguak ez dizkiogu edonori ematen, printzipio batzuetan oinarrituta dago erabakia. Helburua azkenean gizartea aldatzea da, eta horretarako baztertuak daudenak, adibidez, laguntzen ditugu. Hori beste bankuetan ez lukete egingo, mailegu bat eskatu nahi baduzu, pisu bat non duzun galdetuko dizute”, esan du Intxaustik. Hortaz, beste bankuen aldean, Fiare Banka Etikoak proiektuari begiratzen dio. “Esate baterako, kalean dagoen norbaitek edota kartzelatik atera berri den norbaitek enpresatxo bat egin nahi badu, guk pertsona horiek gizartera ekartzen ditugu, laguntzen ditugu”.
Egun, Espainiako bankuak Fiare banku bat bezala onartzea lortu dute, eta aurrezki zein maileguez gain, kontu korronteak ere aurki eskaini dituzte. Horretarako, internet bidezko bankua sortuko dute.
Donostian 120 bazkide inguru
Balio horietan sinesten duten donostiarrak ere badaude, eta dagoeneko 120 lagun egin dira Fiareren bazkide. Horietako bat da Lucia Lopez. Duela urtebete egin zen bazkide, eta boluntario bezala egiten du lan Fiarek Donostian duen taldean. “Beste bankuek zure dirua nola erabiltzen duten ez dakizu, beharbada petroleoan inbertitzen ari dira, eta nik hori ez dut nahi. Horrexegatik sartu nintzen hemen. Bazkide izateko 300 euro sartzen dituzu, eta gero gordailuak ere egin ditzakezu, eta zuk horren truke zerbait jasotzen duzu, baina badakizu diru hori proiektu sozial batean inbertitzen ari dela”.
Fiareren proiektuen artean, EMAUSen ecocenterrak daude. Izan ere, bigarren eskuko altzariak, arropa edota diskak bezalako produktuak saldu nahi zituen, eta Fiarek lokala finantzatzen lagundu dio. Baina ez hori bakarrik, atzerrian ere proiektuetan parte hartzen dute. Adibidez, Senegal eta Ecuadorren emakume batzuk euren produktuak ekoitzi eta saltzeko laguntzen ari dira. “Ez dira diru laguntzak, maileguak dira, baina interes oso txikiarekin. Horrek esan nahi du nire aurrezkiak jartzen baditut, jasotzen dudan portzentaia txikia izango dela ere, baina gizartea laguntzen ari naiz”, azaldu du Lopezek.
Bankuan edonork parte hartu dezake, eta horregatik gaurko aurkezpenean, informazio guneak ez ezik, haurrei zuzendutako jolasak ere prestatu dituzte. “Normalean familiak umeekin etortzen direnez, jolas kooperatiboak aukeratu ditugu, gure filosofiari jarraiki. Normalean jolas eta kirolen bidez lehiakortasunari garrantzi handia ematen zaio, baina guk ez dugu hori nahi; jolas hauetan ez dago irabazlerik ez eta galtzailerik ere, denon artean zerbait lortzea du helburu”.
Fiaren parte izateko moduak
– Sustatzaileak: proiektua sustatzen eta eraikitzen beraien denboraren zati bat emateko prest daudenak eta ditu ekarpen bat ere egiten dutenak.
– Laguntzaileak: kreditu kooperatiban parte hartu nahi dutenak, baina bazkide edota sustatzaile izateak dakarren konpromisoa euren gain hartzeko moduan ez daudenak. 300 eurotik gorako ekarpenak egin behar dituzte, eta pertsona juridikoek, berriz, 600 eurotik gorakoak.
– Boluntarioak: Fiare lagundu nahi dutenak baina kapital ekarpenik egin ezin dezaketen pertsonentzat zuzendua.
Honela, probintzia bakoitzean elkarte bat sortu dute, eta asanbladak egiten dituzte. Donostian egingo da Gipuzkoako hurrengoa, azaroaren 15ean, Ernest Lluch kultur etxean. Bertan, bazkideen artean bozketa bat egingo dute, eta bozka gehien dituztenek ahalmena izango dute maileguak zein proiekturi emateko.
Informazio gehiago,