Donostiarraren 'Torrekua' trainerura igo dira Gipuzkoa Basketeko jokalariak
http://youtu.be/6kW2DckegtI
Denboraldia hastear dagoela, Gipuzkoa Basketek entrenamendu berezi bat egin du gaur goizean. Izan ere, Jaume Ponsarnau entrenatzaileak antolatuta, saskibaloi taldea Kaira joan da, Donostiarrako arraunlariek uretan bizi dutena eurek ere bizitzeko. Talde lana indartzea izan dute helburua, eta Donostiarrako Julen eta Unai Elizasuren laguntzarekin, GBCko entrenatzaileak patroiarena egin du eta gainontzeko jokalariek bere gidaritzapean egin dute arraun.
Jarduera bitxi honetan, denok disfrutatzeko aukera izan dute, eta oso pozik agertu dira entrenamendua amaitu dutenean. David Doblas jokalariak esperientzia oso polita izan dela adierazi du: “Ni Pedreñakoa izan arren, ez nuen uste talde lanak hainbesteko garrantzia zuenik. Batek huts egiten duenean, badirudi trainerua ez dela tinko mantenduko. Harriturik gelditu naiz, baina onerako”. Jaume Ponsarnauk ere taldean lan egiteko garrantzia nabarmendu du: “Taldean denak garrantzitsuak direla erakutsi nahi izan dugu, eta konpromisoa, lehiakortasuna eta kemena islatzeko esperintzia oso baikorra izan da”.
Unai Elizasu Donostiarrako arraunlariak kirolariak izanik, ongi aritu direla aitortu du. “Pertsona hain altuak izanik, traineruak pisu hori nabaritzen du eta ez du horrenbesteko egonkortasunik. Hortaz, egonkortasun hori lortzeko, beharrezkoa da denok batera arraun egitea, eta kirolariak diren heinean, helburua ulertu dute eta ongi ibili dira”.
[Gallery=195]