Jazint Ramirez egiatarra atxilotu dute Loiolako herri harresian
Aske Gunea sortu dute epaiketara ez agertzea erabaki duten bost auzipetuak babesteko, baina Ertzaintzak bostak atxilotu ditu, eta babestera joandako lagunen aurka gogor egin du. Jazint Ramirez egiatarra auzipetuetako bat da eta preso hartu dute.
Gaur goizean, prentsaurreko baten bitartez auzipetuek jakinarazi dute Irati Tobar, Jazint Ramirez, Imanol Salinas, Igarki Robles eta Xabier Arina Loiolako Askegunean geratzeko erabakia hartu dutela, epaituak izateari uko eginez. Ez dira agertu Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta epaileak bilatu eta atxilotzeko agindua eman du.
2010ean izandako polizia operaziotik abiatuta atxilotu zituzten 28 gazte independentistaren aurkako epaiketa hasi da gaur goizean, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Auzipetuetako gehienak Madrilera joan ziren atzo, Loiolan agerraldi jendetsua egin ondoren. Gaur hasi dira deklaratzen. Madrilen deklaratuko dutenenen artean dago Groseko Xalba Ramirez.
Ehunka lagun bildu dira Loiolako basilikan, gaur Madrilen hasi duten 28 gazteen aurkako prozesua salatu eta guztiak libre uzteko eskatzeko. Arratsaldean, 18:30 aldera iritsi dira Ertzainak Askegunera, eta hiru ordu igarota joan dira Loiolatik.