Behobia-Donostiaren mende erdia 5.000 lagunentzako tarta batekin ospatuko dute
Lasterketa ezagunak 50 urte beteko ditu aurten, eta azaroaren 7tik 9ra hainbat jarduera berezi antolatu ditu Fortuna Kirol Elkarteak.
Lehenengo Behobia-Donostia 1919ko martxoaren 30ean jokatu zuten. Hogei korrikalari inguruk parte hartu zuten, eta Juan Mugerza elgoibartarra izan zen txapelduna (ordu bat 17 minutu eta 50 segundo). Ordutik 95 urte igaro dira, baina 50. Behobia-Donostia izango da aurtengoa, tartean lasterketarik gabeko urteak egon baitira. Edonola, ez da edonolako marka mende erdia betetzea, eta azaroaren bigarren astebururako hainbat jarduera berezi antolatu dituzte Fortuna Kirol Elkarteko kideek, urtebetetzea dela eta. Tartean, 5.000 lagunentzako tarta erraldoi bat egiteko asmoa dute, eta lehen aldiz Behobia Gaztea egingo dute. Oraindik egitarau guztia zehaztasun osoz osatu ez badute ere, momentuz prestatu dutenaren berri eman dute antolatzaileek, gaur goizean egindako prentsaurreko batean. “Behobia-Donostiaren estilora ospatu nahi dugu; ospakizun irekia, partehartzailea eta publikoari begirakoa izango da”, azaldu du Enrique Cifuentes Fortunako presidenteak. “Klubak duen filosofiarekin bat eginez ospatuko dugu, herrikoia eta guztientzako irekia”, gehitu du antolakuntzako Arantzako Rojok.
Urtero legez, korrikalariaren azokak emango dio hasiera lasterketaren asteburuari, ostiral goizean; larunbatean, berriz, Behobia Txikia izango da erdigunea; eta igandean, lasterketa nagusia. Urteroko jarduera horiek guztiek, ordea, hainbat berrikuntza izango dituzte, eta horietaz gain, urteurrenarekin lotutako jarduera gehiago egingo dituzte.
Korrikalariei omenaldia eta Behobia Gaztea
Korrikalariaren azoka, Belodromoan izango da, azken urteetan bezala. Ostiral goizean irekiko dute, bertan partaideek euren dortsalak jaso ditzaten, eta sekula baino postu gehiago izango dituela aurreratu dute, 65 inguru. “Zazpi postu izan zituen azokak lehen urtean, Konstituzio plazan”, gogoratu du antolakuntzako Fernando Ibarretak. Gainera, azokan bertan, lasterketan 25, 30 zein 35 aldiz parte hartu duten korrikalariak omenduko dituzte. Datu horiek lortzea lan zaila izan dela azaldu dute, korrikalari asko baitira urte batetik bestera euren izena edo abizena idazteko modua aldatu dutenak, eta ordenagailuaren sistemak ez ditu pertsona bera moduan zenbatzen.
Anoetako estadio txikian egingo duten Behobia Txikiak ez du hutsik egingo aurtengoan ere, larunbatean, 15:30ean. Bertan, 0 eta 13 urte arteko haurrek izango dute parte hartzeko aukera, eta lagun berri bat edukiko dute: Arin. Behobia Txikiko maskota izango da Arin, laranja koloreko erbia, eta gaur bertan agertu da lehen aldiz komunikabideen aurrean. Behobia Txikirako izen ematea urriaren 1ean zabalduko dute, 5 euroren truke, eta 2.800 lagunentzako tokia egongo da.
Horretaz gain, ordea, larunbatean egingo dute 50. urteurrenari dagokion jaia, 19:00etan, Konstituzio plazan. Esan bezala, 5.000 lagunentzako pastel erraldoi bat egingo dute, eta guztientzako xanpaina banatuko dute, topa egiteko. Ospakizunean, gainera, lasterketaren historia eta momentu hunkigarriak jasotzen dituen ikus-entzunezko bat eskainiko dute.
Igandea, noski, 50. Behobia-Donostia lasterketaren txanda izango da, eta horixe izango da garrantzitsuena. Antolatzaileek apirilean jakinarazi zuten moduan, ibilbideak aldaketak izango ditu. Hala, Errenteria-Orereta eta Pasai Antxotik igaroko dira korrikalariak, eta ez Pasaiako portutik eta Lezotik, azken urteen moduan. Helduen 20 kilometroko lasterketaren aurretik, ordea, beste lasteketa bat egongo da jokoan, Behobia Gaztea. Lehen aldiz antolatuko dute, eta 14 eta 18 urte arteko gazteei zuzendua egongo da. Izen ematea urriaren 1ean irekiko dute, 10 euroren truke, eta 500 korrikalariren gehienezko partaidetza izango du. Herrerako biribilgunetik aterako dira partaideak, 9:30ean, eta 4.400 metroko ibilbidea egingo dute, lasterketa nagusiaren bukaerako bide bera eginez.