Benicio del Toro, Maria Kristina hotelera iritsi denean. (Argazkia: Iñaki Pardo / Zinemaldia)
Zinemaldiko 62. ekitaldiko bigarren Donostia Saria jasoko duen aktorea Donostian da. Benicio del Toro 11:30ak aldera iritsi da Maria Kristina hotelera, eta han zituen zain zaleak, argazkilariak eta kazetariak.
Escobar: Paradise Lost filma aurkeztuko du gaur, Perlak saila bukatutzat emango duen lana. Gauean, 22:00etan, Donostia Saria jasoko du Kursaalen. 1998 eta 2012n ere izan zen Zinemaldian.
Del Torok ibilbide oparoa egin du aktore gisa. Kritikarien laudorioak eta hainbat sari lortu ditu bere ibilbidean. Ameriketako Estatu Batuetako Zinema Akademiak aktore onenaren Oscar saria eman zion, Steven Soderberghen
Traffic pelikulagatik eta Alejandro González Iñarrituren
21 Grams (
21 gramo) filmean egindako lanagatik Oscar sarietarako izendatu zuen. Aurrerago, Soderberghekin berriro lan egin zuen, Che Guevarari buruzko
Che film biografikoko protagonista gisa. Bere interpretazioagatik 2008ko Cannesko zinema jaialdiaren bukaerako ekitaldian gizonezko aktore onenaren Urrezko Palmorria jaso zuen, eta hurrengo urtean, gizonezko aktore onenaren Goya saria.
Bere lehenengo pelikula John Glenen
License to Kill izan zen (Timothy Dalton aktoreak bete zuen James Bonden rola), eta orduz geroztik bere antzezpen lana kritikarien artean txalotua izan da. Steven Soderberghen
Traffic pelikulagatik aktore onenaren Oscar saria lortzeaz gain, Urrezko Globoa, Zinemako Aktoreen Sindikatuaren Saria, BAFTA saria eta Berlingo nazioarteko zinema jaialdiko Zilarrezko Hartza irabazi zituen
Traffic filmagatik. Halaber, New Yorkeko Zinema Kritikarien Taldearen, Zinema Kritikarien Elkarte Nazionalaren eta Chicagoko Zinema Kritikarien Elkartearen aipamenak jaso zituen. Bestalde,
21 Grams pelikulan egindako lanarekin 2003ko Veneziako nazioarteko zinema-jaialdian gizonezko aktore onenaren Ikusleen Saria irabazi zuen. Bryan Singerren
The Usual Suspects filmeko Fred Fenster pertsonaiaren antzezpenagatik eta Julian Schnabelen
Basquiat filmeko Benny Dalmau pertsonaiaren antzezpenagatik Independent Spirit sari bana irabazi zituen.
Del Toro Puerto Ricon jaio, eta Pennsylvanian hazi zen. Kaliforniako Unibertsitatera joan zen (San Diego), eta han, ikasleek sortutako lan askotan aritu zen. Horietako bati esker, New Yorkeko Lafayette antzokiko antzerki-jaialdi batean parte hartu zuen. Stella Adler kontserbatorioan ikasi zuen, Arthur Mendoza tutore zuela.