Udal gobernuak ez du bat egingo oposizioaren zerga sistemarekin
Biharko Ogasun Batzordearen aurrean udal gobernuak pertsonen beharrak lehenesten dituen zerga sistema baten aldeko apustua berretsiko du. Hala jakinarazi du ohar baten bidez.
Kalitatezko zerbitzu publikoak eguneratzea; erakundearen bideragarritasuna bermatzea, diru-sarrerak eta gastuak orekatuz; pertsonei lehentasuna ematea eta legealdian nagusi izan den zerga politikarekin aurrera egitea, sozioekonomikoki baztertuta dauden kolektiboei tasa batzuetan hobariak emanik. Era berean, ekonomia sustatu eta Donostia 2016rako prestatzea. Horiek dira, hain zuzen, udal gobernuak proposatutako tasen eta zergen helburuak.
Uztaileko KPIan oinarrituta, zerga eta tasen izozte orokorra da Bilduk proposatu duena, “ezarritako helburuak betetzea ahalbidetuko duena”. Gainera, Donostia 2016 Kultur Hiriburutza prestatzeko urtea 2015a izanik, hainbat apusturi aurre egiteko moduko proposamena dela uste du udal gobernuak.
Donostia 2016 Kultur Hiriburutzarako prestatzeko, 2015eko urtarriletik abenduaren 31ra arte, % 30eko hobaria proposatzen dute, ekitaldiak eragin handiena izango duten ekonomia sektore tradizionaletatik (turismoa, ostalaritza, merkataritza, etab.) jasotako obra baimen eskaerentzat, eta 150 metro koadro baino gutxiagoko lokalentzat, baldin eta JEZ ordaintzeko salbuetsita badaude. Era berean, kultur hiriburutzak premia handiena duten hiriko guneetan eragina izan dezan, % 50eko hobaria aplikatzea proposatzen dute, 2015eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean eskatutako obra baimenetan, jarduera industrialak, komertzialak edo zerbitzuak ezartzeko obrak, instalazioak eta eraikuntzak egiteko, baita eginak daudenak kontserbatzeko, zabaltzeko edo hobetzeko ere; betiere, titulartasun pribatukoak baldin badira.
Obra horiek egin beharko dira Udalak Donostiako Sustapenaren bidez bultzatutako Ekonomia Suspertzeko Planetan sartutako guneetan kokatutako jardueretan, hots: 27 Industrialdea, Bidebieta, Papin, Altza, Intxaurrondo, Egia, Loiola eta Martutenen.
Horrekin guztiarekin batera, udal gobernuak proposatzen du % 25 murriztea establezimendu eta lokaletan jarduerak abian jarri eta kontrolatzeagatiko tasa, –aplikagarria 150 metro koadro arteko establezimenduetan–; tasa ez igotzea, 151 metro koadro eta 500 metro koadro arteko establezimenduetan; eta, tasa % 0,50 igotzea, 500 metro koadro baino gehiagoko establezimenduetan.
Murrizketak zerbitzuetan
Oposizioak aurkeztutako zerga jaitsieren ondorioz zein zerbitzu eta gizarte politika murriztuko dituzten jakin nahi du udal gobernuak. Hala, diru sarrera gutxiago izanik, zerbitzu publiko eta politiko sozialen alorrean zertan murriztuko duten “garbi esateko” eskatu die udal gobernuak PSE-EE, PP eta EAJ alderdiei. Ekonomiaren sustapenean zenbat murriztu nahi duten, inbertsioetan, edo Donostia 2016ko Hiriburutzari aurre egiteko zein baliabide kendu nahi dituzten ere jakin nahi dute.
Hortaz, PSE-EEk, PPk eta EAJk proposatutako murrizketek ez dutela Donostia gelditzea lortuko azpimarratu du Bilduk.