Euskaldunak eta kanpotik etorriak mahai berean bilduko ditu Bizilagunak egitasmoak
Mugak.eu webgunean ere eskura daiteke izena emateko eskaera.
Azaroaren 23an egingo dute bazkaria hainbat herritan; baita Donostian ere.
SOS Arrazakeriak hirugarren urtez egingo du Bizilagunak egitasmoa. Aurreiritzi, estereotipo eta beldurrak uxatzeko mahai beraren inguruan batuko ditu familia euskaldunak eta kanpotik etorritakoak. Hainbat ohitura ezberdinak izan arren, oinarrin berdinak direla erakutsi nahi dute horrela. Eta agian eguneroko bizimoduagatik, elkarren ondoan bai, baina elkarrekin bizi ez diren herritarrak otordu baten bidez elkartuko dituzte.
Gaur egin dute Bizilagunak egitasmoaren aurkezpena udaletxean. Bertan izan dira, Silvana Luciani, SOS Arrazakeriako ordezkaria; Tarana Karim eta Pedro Jose Lopez, aurreko urteetan bazkarian parte hartu duten bi herritar, eta Juan Karlos Izagirre alkatea. Jon Albizurekin batera, Pedro Jose Lopezen familiarekin egin zuen otordua iaz alkateak.
Guztiek nabarmendu dute egitasmoaren garrantzia, eta egun bakarreko jarduera bada ere, urte guztiko jarrera lantzen laguntzen duela gogoratu dute. “Ez da otordu soil bat; oso esperientzia aberasgarria da, eta edonori gomendatzeko modukoa. Mahai baten bueltan sortzen diren bizipenek urte guztian beste ikuspegi bat edukitzen laguntzen dute”, esan du Izagirrek, eta aurten ere parte hartuko duela aurreratu du.
Iaz Donostiako 34 familiak hartu zuten parte Bizilagunak egitasmoan; 250 bat pertsonak. Hainbat aurpegi ezagun izan ziren tartean: Gabiñe Biurrun, Jose Luis Rebordinos, Jon Maia dantzaria, Naiara Sampedro eta Jon Albizu udal zinegotziak, besteak beste.
Silvana Lucianik adierazi duenez, familia era askotarikoa izan daiteke: “bikoteak, lagun kuadrillak, pisukideak, guraso eta seme-alabez osaturiko familiak, kide bakarrekoak…aukera asko daude, eta guztiek parte har dezakete, honetan ere aniztasuna baitago oinarrian”.
Bestalde, aniztasuna aberastasuna dela adierazi du Tarana Karim marokoarrak. Dinamizatzaile lanak egin ditu aurreko bi edizioetan. “Hemengo edo hango, hemen jaioak edo kanpotik etorriak, batzuk besteengandik asko dugu ikasteko; oso garrantzitsua da auzokoa ezagutzea”, esan du Karimek.
Bizilagun izan nahi dutenentzat
SOS Arrazakeriaren bitartez parte har daiteke Bizilagunak egitasmoan. Horretarako 943 32 18 11 telefonora deitu edo info@mugak.org helbidera idatzi behar da.