Markel Ormazabal: 'Gaztea, gazteria, gaztetasuna'
“Hogeita hamar urtetik gora badituzu, hilda zaudela esan daiteke”, ebazten du Goetheren Fausto-k. Zer da gaztea izatea? Eta gazteria? Ba al da halakorik?…Gazteei eurei galdetzea hobekien. Eta ikerketa ezberdinetan parte hartu duten gazteen erantzuna: adin-tarteak dira gaztea denaren eta ez denaren ulermenari dagokionean elementu argienak eta adostasun gehien biltzen dutenak. Hala ere, ez dago nozio hegemonikorik. 12-14 eta 26-28 urteen artekoak gazteak dira, ez dago taldea borondatez uzterik. 28 eta 35 urteen arteko tarteak desadostasun gehiago dakartza.
Orainaldi konstante batean bizi gara. Eta orainaldi konstante honetan bizitzearen eredua ez da soilik gazteriarengan ematen. Gaztea izatearen idealizazioaren ondorioz, gizartearen gehiengoa edozein aroan dagoela ere, gaztea izan nahi izatera bideratuta dago. Sistemak merkantziarako produktu bilakatu du gaztea eta merkatua gazte eredu jakin baten arabera antolaturik aurkitzen dugu: gazteagotzeko kremak, ederregatzeko… Bizitzako une idilikoen gisara, gazte izatea, poztasunarekin eta konpromiso ezarekin lotzen da. Merkatuak hil du Fausto, artean gainontzekoak gaztetzen gintuela.
Gaztaroa honela definitu izan da gazteriaren soziologian: norbanakoa heldutasun biologikotik heldutasun sozialera doan tarte gisa. Ikuspegi honen arabera, ardurak bereganatuz (lana, etxebizitza eta familia) eskuratuko luke norbanakoak heldutasun soziala. Gazteriaren kondizio honek, gazteria bera etengabe ukatua izatea eskatzen du. Adieraziz, batetik gazteek ez dutela parte hartu nahi eta apolitikoak direla, sistemak hiritar aktiboagoak nahi lituzkeela baina gazteek ez dutela nahi ondorioztatuz. Eta bestetik, baieztatuz gazteek beren kabuz abiatu ditzaketen ekintzak susmagarri direla, arrisku eta mehatxu izan daitezkeelako.
Jendarte modernootako seme-alabak dira egungo gazteak. Egungo gizartean nagusienetakoa den joerak, indibidualizazioaren bulkadak, nabarmen jo ditu. Kontsumismoa eta oparotasunean oinarritutako ongizate pertsonala dira gazteen bizi-xedeen zutabe nagusiak.
Eta bat batean Herri Harresiak. Donostia, Ondarroa, Iruñea, Azpeitia…Eta konpromisoz blai diren gazteak epaile arrotzen esanei intsumiso. Eutsi eta ez askatu. Betirako gaztetasuna desio duenak badu nora begiratu. Loiolara atzo, Madrilera gaur. Zer da gaztea? Zein da gaztea?
Gaztea da Jazint, gazteak dira Irati eta Igarki, Xalba eta beste hogeitalauak. Gaztetasuna, berriz, beren ekinaren zerizana.