Gaurko udalbatzarra. (Argazkia: Lide Ferreira)
PSE-EEk, PPk eta EAJk hasierako onarpena eman diote hiria lau barrutietan banatzeko araudiari, Bilduren kontrako botoarekin. Udalbatzarrean hogei auzo elkartetako ordezkariak hurbildu dira, bozketa bertatik bertara jarraitzeko. Hitza eskatu dute, baina, oposizioko taldeek alkateari udalbatzarreko araudia aplika zezala eskatu eta gero, ezin izan dute euren iritzia eman.
Adostutako araudiak lau barruti aurreikusten ditu. Ekialdeko barrutian, Altza, Intxaurrondo, Bidebieta, Ulia eta Ategorrieta egongo lirateke; Mendebaldekoan, Antigua, Benta Berri, Aiete, Añorga eta Zubieta; Hegoaldekoan, Gros eta Egia; eta Iparraldekoan, Erdialdea, Amara, Loiola eta Martutene. Udal gobernuko ordezkari Axier Jakak banaketa hori “naturaren aurkakoa” dela nabarmendu du. “Hurbiltasunaz hitz egitea zaila iruditzen zait, Martuteneko edo Txomineko herritar batek Parte Zaharrera hurbildu beharko duenean barrutiarekin zerikusia duten izapideak egiteko”, adierazi du. Udal gobernua barrutien aurka ez dagoela berretsi du; bai, ordea, banaketa auzoen “berezitasunak” kontutan hartu gabe hartuj izanaren kontra. Era berean, Jakak salatu du oposizioak akordatutako araudia herritarrei “bizkarra emanda” adostudutela, eta haserre agertu da gaiari buruz gizarte eztabaida bat sustatu ez dutelako.
EAJko bozeramaile Eneko Goiak, aldiz, adierazi du herritarren iritzia jasotzeko unea orain abiatzen dela, alegazioen epearekin batera. “Auzo elkarteek eskatutakoa errespetatzen dugu, baina ez gaude ados. Hobe da gaur hasierako onarpena ematea araudiari, alegazio epea irekitzeko eta eztabaidatu ahal izateko. Erabaki bat hartzea ezinbestekoa da, hiru urtetan ez baita erabakirik hartu”, esan du. Altzako barrutia legegintzaldia amaitu aurretik sortu nahi dutela aurreratu du Goiak. Udal gobernuaren aurkako hitzak ere izan ditu: “Herri partaidetzaren defendatzaileak direla diote. Horregatik harritzen gaitu eskumenak eta erabakitzeko aukera aurreikusten duen egitura bat sortzearen aurka egotea”.
PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gascok adierazi du barrutien egiturak beste hiri askotan funtzionatzen duela, eta esan du ez duela ulertzen zergatik Donostian liskarra sortu duen. “Ekialdeko barrutia denok defendatzen genuen, baina, dirudienez, orain batzuk jaitsi dira trenetik”, azpimarratu du.
PPko zinegotzi Jose Luis Arruek, bere aldetik, barrutiek ekarriko dituzten abantailak zerrendatu ditu: “Herritarrak Administraziora hurbiltzen ditu, eskumenak ematen dizkio barrutiari eta, garrantzitsuena dena, diru kopuru bat bideratzen dio; aurrekontuaren %5a gutxienez, hain zuzen ere. Egun, 18 milioi euro izango lirateke indarrean dagoen aurrekontua kontutan hartuta”.