Kalitatezko osasun publikoa aldarrikatu dute
Azaroaren 20an egun osoko lanuztea egingo dute, eta abenduaren 4rako greba orokorra deitu dute.
Azaroan eta abenduan zehar, Euskal Autonomia Erkidegoan egingo dituzten mobilizazioetan lehena izan da gaurkoa. Izan ere, galdutako lanpostuak berreskura daitezela eskatzeko eta Eusko Jaurlaritzak egingo duen lan eskaintzaren kontra, Osakidetzako sindikatuek lanuzteak deitu dituzte. Lau orduetako geldialdi deialdiarekin bat egiteaz gain, hirian langile ugari Gipuzkoako Osasun Lurralde Ordezkaritzan elkartu dira, Amara auzoan.
Elkarretaratzean sindikatuek azaldu dutenez, azken hiru urtetan 3.000 lanpostu galdu dira Osakidetzan. Horrenbestez, euren helburua galdutako enplegua berreskuratzea eta osasun zerbitzua hobetzea da. Aldarrikapenen artean, “murrizketarik ez”; “osasun publikoa denontzat”; eta “ordu gehiago ez, kontratazioa bai” bezalakoak entzun dira. Sindikatuek mobilizazioekin aurrera egiteko konpromisoa berretsi dute, “enpleguaren aldeko benetako konpromisoa”, lan kargen “hobekuntza”, eta lan soldaten eskala bikoitza deuseztatzea lortu arte. Hala ere, osasun zerbitzua hobetzeko negoziatzeko borondatea dutela azpimarratu dute.
Hurrengo asteetako lanuzteak egun osokoak izango dira, eta azaroaren 20an Gipuzkoan egingo dute. Abenduaren 4rako, berriz, EAEko hiru hiriburuetan greba orokorra deitu dute.