Burutaran: "Martuteneko presoek ezin dute bertan jarraitu"
Hirigintza zinegotziaren ustez espetxeak ez ditu gutxieneko baldintzak betetzen.
Zubietako espetxea egiteko lanak 2017ra arte atzeratu egingo direla argitaratu du hedabide batek, eta udal gobernuak kezka agertu du. Izan ere, proiektu honi lotuta dago Martuteneko kartzela. Zubietakoa ireki gabe ezin dute Martutenekoa itxi, eta Ricardo Burutaran Hirigintza zinegotziak adierazi du lehenbailehen eraitsi behar dela. Madrilgo gobernuari bilera bat eskatuko diola esan du.
“Martuteneko presoek ezin dute bertan jarraitu. Espetxeak ez ditu gutxieneko baldintzak betetzen eta oso egoera txarrean dago”, azaldu du Burutaranek. Bestetik, Txomin berritzeko lanek espetxean eragingo dutela, eta egoera larriagoa izango dela ohartarazi du: “Txominen uholde arriskuari aurre egiteko auzoaren altuera igo egingo da. Lan hauek kartzelako preso eta langileen segurtasuna arriskuan jarriko duela azaldu du. 2011ko uholdeetan kartzelaren zati bat urpean geratu zela ekarri du gogora. Egun 324 preso daude Martuteneko espetxean.
Espainian espetxe azpiegitura eta ekipamenduez arduratzen den Siep sozietateko Angel Maria Martinez San Juanek 2011. urtean adierazi zuen 2014 urterako Martutene itxiko zutela.