Mailukada Igeldoko hautestontziari
Itsas Aurrek parodia bat antzeztu du Antiguako EAJren batzokiaren aurrean Igeldoko konsulta onar dezaten aldarrikatzeko.
Usansolon, Bizkaian, galdeketa egingo dute bihar, eta bozketaren bezperan Igeldoko egoera gogora ekarri eta EAJren jarrera salatu nahi izan du Itsas Aurrek. Horretarako, plataformako kideek parodia bat antzeztu dute Antiguako EAJren batzokiaren aurrean. Lau hautestontzi jarri dituzte kalean, Eskozia, Herrialde Katalanak, Usansolo eta Igeldo ordezkatuz. Eskoziaren, Herrialde Katalanen eta Igeldoren hautestontzietan bozak zeuden bilduta, eta Usansolorena oraindik hutsik. Atzean, mezu bat jarri dute, EAJk erabakitzeko eskubidea soilik herri batzuei onartzen diela salatuz.
11:30ean bildu dira Itsas Aurreko kideak, EAJko ordezkarien karetak aurpegietan zituztela. Hautestontziak inguratu, eta txalo zaparrada hasi dute. Denen aurrean Igeldoko hautestontzian izan ezik, noski. Bertan Eneko Goiaren aurpegia agertu da, eskuetan mailua zuela, Igeldoko hautestontzia mailukatuz. Parodiaren ondoren, hurbildu diren antolatzaileak kartelak ipini dituzte batzokiaren inguruan, trikitixa soinuak lagunduta.
Igeldoko galdeketa epaitegietan dagoen arren, Itsas Aurrek gogora ekarri nahi izan du Usansoloren bozketa egunarekin batera. Duela astebete, plataformak “koherentzia” eskatu zion EAJri, Usansoloko galdeketa onartu eta Igeldokoa ukatzeagatik. Gaur, Igeldoko egoera etengabe luzatzea leporatu dio EAJri Isas Aurreko bozeramaile Jose Ignacio Galparsorok: “Antzerkitxo honekin EAJren jarrera ulertezina salatu nahi izan dugu. Alderdi Jeltzalearentzat herri batzuek eskubide osoa daukate bere etorkizuna erabakitzeko, baina Igeldori eskubide hori ukatu diote. Eskoziaren bidea txalotzen dute, Kataluniarena zer esanik ez, eta bihar Usansolon egingo den bozketa ere onartu dute”.
Hogei urte aldarrikapenak egiten
Igeldoren aldarrikapena duela hogei urte hasi zen, eta egindako konsulta guztietan “baiezkoa” nagusitu dela adierazi du Galparsorok: “Duela hogei urte egin zen lehen konsulta, eta gerora egin diren guztietan gehiengoak alde egin du. Hala ere, EAJk ez du gure eskaera kontuan hartzen, beren esanetan, alde bakarreko erabakia delako, eta Donostiako Udalak ez duelako parte hartu. Baina udalak hogei urtetan ez du inolako keinurik egin gure eskaera entzuteko; nola izango da orduan bien arteko erabakia?”.
Epaia urtebete edo bi urte luzatu daiteke Galparsororen esanetan, eta Igeldoko prozesua etengabe airean izatea da EAJren helburua bozeramailearen arabera. “EAJk leporatu digu legearen aurka egin ditugula kontsultak, baina orain arte epaitegiak beti eman digu arrazoia”. Usansoloko herritarrei zortea opa die bihar, bozketa ez baita loteslea: “Usansolon ondo atera dadin espero dugu, han ere, gurean bezala, zaila daukatelako legea aldatzea”.