IRUTXULOKO HITZAk logo lehiaketa bat jarri du abian, 10. urtemugaren harira.
Hedabidearen sorreraren urtemuga irudikatzeko lanek ‘Beste 10 urte baietz!’ leloa izango dute ardatz
IRUTXULOKO HITZAk 10 urte beteko ditu 2015. urtean. Horren harira, urteurrenaren logo lehiaketa antolatu du, urtebetetzea ospatzeko jarduera eta ekitaldietan irudi esanguratsu eta indartsu bat izateko. Donostian jaio, bizi eta ikasten edo lan egiten duen edonork har dezake parte, gertukoekin ospatu nahi baitu hedabideak bere sorreraren urtemuga.
‘Beste 10 urte baietz!’
IRUTXULOKO HITZAren urtemugak badu dagoeneko leloa,
Beste 10 urte baietz!, eta mezu hori hartu beharko dute oinarri logoa sortzeko orduan. lelo bat baino gehiago da. Apustu bat islatzen du, urtemugaren urtea apustuaren urtea izango baita IRUTXULOKO HITZArentzat: maketa berriak, webgune berritua, harpidedun eta sustzaile gehiago lortzeko kanpaina, banaketa bereziak… Langileek ere apustua egin zuten 2014. urtearen hasieran, krisiak krisi, murrizketak murrizketa, soldata jaistea erabaki baitzuten. Hilabetero 200 euro gutxiago jasotzen dute urtarrilaz geroztik. Eta zer esanik ez, harpidedunek eta sustatzaileek ere apustua egiten dute IRUTXULOKO HITZAren alde, egunero.
Baina, apustuaz ari garela, elkarte, eragile eta herritarrek ere apustua egin beharko dute datorren urtean, guztien artean proiektu sendo bat sortzeko, IRUTXULOKO HITZA indarberritzeko. Testuinguru horretan etorriko da urtemuga, eta testuinguru horretan, leloa baliatuta, sortu beharko dute logoa parte hartzaileek.
Nahi den euskarri artistikoa
Lehiaketa abenduaren 19an abiatuko da, eta otsailaren 6a arte egongo da lanak aurkezteko epea irekita, egun hori barne. Logoak egilearen izenik gabe aurkeztu beharko dira honako helbidera bidalita:
irutxulokologoa@hitza.eus. Mezu berean, aparteko dokumentu batean txertatu beharko dute parte hartzaileek euren datuak jasotzen dituen dokumentua: izena, abizenak, helbidea, posta elektronikoa eta telefono zenbakia.
Nahi den euskarri artistikoa erabili ahalko da, eta lanak originalak eta saritugabeak izan beharko dira. Koloretan eta zuri beltzean erabiltzeko moduan, programa bektorial batean eginda egon behar dute, 300 ppp-ko gutxieneko bereizmenarekin. Irabazlea IRUTXULOKO HITZAko lan taldeak aukeratuko du, eta logo irabazlearen jabetza eskubidea IRUTXULOKO HITZAren esku geratuko da, irudia askatasun osoz erabili ahal izateko.
Bartzelonara bidaia, Groseko Kultour Bidaiak agentziaren bitartez
Opari bikainak egongo dira jokoan: bi lagunentzat egonaldia Bartzelonan, bi gau eta Bilbotik hegazkin bidaia, barne, Groseko Kultour Bidaiak agentziaren bitartez; IRUTXULOKO HITZAren material sorta; eta urtebeteko harpidetza doan. Parte hartzaileen artean ere zozketa bat egingo dute, eta Groseko Tedone jatetxean bi pertsonentzat bazkaria izango da saria, urtebeteko harpidetza bat eta hedabidearen materialaz gain.
[box]
10. URTEURRENERAKO LOGO LEHIAKETARAKO BALDINTZAK
- Irakurle eta harpideekin ospatzeko, 2015ean zehar egingo diren ekitaldi eta ekintzak iragartzeko karteletan, materialetan eta beste euskarri batzuetan erabiltzeko urteurreneko irudia izango da logoa.
- Lehiaketa publikoa izango da.
- Parte hartzailea: Donostian jaio, bizi, ikasi edo lan egiten duen edonork parte hartu dezake.
- Leloa: Beste 10 urte baietz!
- Euskarria: Nahi den euskarri artistikoa erabili ahalko da, lanak originalak eta saritu gabeak izan beharko dira. Koloretan eta txuri beltzean erabiltzeko moduan, programa bektorial batean eginda egon behar dute, 300 ppp-ko gutxieneko bereizmenarekin.
- Epea: Abenduaren 19tik otsailaren 6 arte (azken egun hau barne).
- Logoak egilearen izenik gabe aurkeztu beharko dira irutxulokologoa@hitza.eus helbidera bidalita. Mezu berean, aparteko dokumentu batean txertatu beharko dute parte hartzaileek beren datuak jasotzen dituen dokumentua: izena , abizenak, helbidea, posta elektronikoa eta telefono zenbakia.
- Opariak saridunarentzat: 2 lagunentzat egonaldia Bartzelonara, Groseko Kultour Bidaiak agentziaren bitartez. Hegazkinez Bilbotik + 2 gau hotel batean + urtebeteko harpidetza doan + Hitzaren material sorta + Sagardo botila kaxa bat.
- Parte hartzaileen artean zozketa: Bi pertsonentzako bazkari bat Groseko Tedone jatetxean + urtebeteko harpidetza bat doan + Hitzaren material sorta+ Kontserba kaxa bat.
- Irabazlea IRUTXULOKO HITZAko lan taldeak aukeratuko du. Logo irabazlearen jabetza eskubidea IRUTXULOKO HITZAren esku geratuko da, eta irudia erabiltzeko askatasun guztia izango du. Lehiaketa honetan parte hartzeak aurrez adierazitako baldintza guztiak onartzen direla adieraziko du, eta baita epaimahaiaren behin betiko erabakia ere.
- Informazio gehiago behar baduzu idatzi irutxulokologoa@hitza.eus helbidera.
[/box]