Donostiarren jai handia piztu da
Helduek gau eta arratsaldez, eta haurrek goizez astinduko dituzte danborrak.
Jatorra erretiratutako pertsonek osatzen duten danborrada bakarra da. 1998an sortu zuten, eta emakumeak dira gehiengo. Aurten elkarte honi egokitu zaio ikurrina igotzeko ohorea.
Gauerdiak urtarrilaren 20ari ireki dio atea; San Sebastian egunari, alegia. Jatorra danborradako kideek ikurrina igo dute Konstituzio plazako liburutegiaren balkoitik eta, horrekin batera, 24 orduko festari eman diote hasiera. Konstituzio plaza bilakatu da jaiaren erdigune, Gaztelubidek oholtzatik zuzendutako danbor hotsen artean. Gau osoa dute aurretik donostiarrek, baita biharko eguna ere.