Eredu ekonomiko berria bultzatuko dute Garapen Ekonomikoko zinegotzi Josu Ruizek, Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek eta Sustapeneko zuzendari Euken Sesek. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Iazko abenduan 10.785 langabe erregistratu zituzten, 2013an baino 408 lagun gutxiago; 2014an 89.332 kontratu sinatu ziren, eta 106.659 pertsona afiliatu ziren Gizarte Segurantzan.
Krisiak eragin zuzena izan du Donostian azken urteetan, eta horri aurre egiteko eredu ekonomiko berria bultzatu udalak, langabeei aholkua eman eta kontratazioak bultzatzeko helburuarekin. Hala, 2014an langabe kopurua %3,6 jaitsi da Donostiako Sustapenaren datuen arabera, eta lehen aldiz 2011ko datuetara gerturatu da hiria. Sustapeneko zuzendari Euken Sesek azaldu duenez, Donostia aberastasuna sortzen hasi da berriz ere.
Donostiako alkate Juan Karlos Izagirreren esanetan, datuak ez dira ospakizunetan erortzeko modukoak, baina ostalaritzaren sektoreari esker hiriko merkatua nabarmen hobetu da: “Udalak 18.000 euroko inbertsioa egin du ekonomia berraktibatzeko, eta administrazio publikoek esfortzua egin dugu enplegua birsortzeko. Argi dago hirian talentu handia dagoela, eta horri esker, gure helburuak %100 bete ditugu”.
Udalaren arabera, iazko abenduan 10.785 langabe erregistratu ziren, 2013an baino 408 lagun gutxiago. Guztira 89.332 kontratu sinatu ziren (metatua), 2013an baino %10 gehiago; horietatik %93 aldi baterako kontratuak izan ziren, %94,8 zerbitzuen sektorean. Gizarte Segurantzan berriz, 106.656 afiliazio berri erregistratu dituzte, %2,2 igoera jasoz (2.260 langile gehiago). Horrekin batera, Sesek nabarmendu du emakumeak izan direla enplegu gehien sortu dutenak, gizonek baino gehiago; hala, kontratazioen %59,3 emakumeenak izan dira.
Euskal Herrian langabezia tasa jaitsi duen hiriburu bakarra Donostia izan dela azpimarratu du Garapen Ekonomikoko zinegotzi Josu Ruizek, Bilbon eta Gasteizen iaz %0,2 igo baizen. Dena den, Oraindik langabezian dauden 10 mila donostiarren egoera aztertuko du udalak, eta horretarako, aurtengo urtera begirako plan berria abian jarri dute. Plan berriaren helburu nagusiak ondorengoak dira: berrikuntza teknologikoan inbertitzea, hirugarren sektoreari begira hiriko merkataritzari bultzada ematea eta 45 urtetik gorako epe luzeko langabeei konponbidea bilatzea. Azken helburu horrek bereziki kezkatzen die udaleko ordezkariei, eta gogoeta prozesu bat irekiko dute erantzun posibleak aztertzeko.
Enpleguen %41, ostalaritzan eta turismoan
Iaz sortutako enpleguaren ia erdia ostalaritza eta turismoaren sektorean gauzatu zen, guztira %41. Aldiz, merkatari txiki askok negozioak itxi dituzte azken urtean; errenta zaharren legeak ez die mesederik egin, udalak oraindik datu ofizialik eduki ez arren. Dena den, hiriaren bataz besteko aberastasuna hazi egin da Seseren esanetan: “Harrigarria dirudien arren, hiriaren kontsumoa eta sortutako aberastasuna hazi egin da azken urtean, eta datuak igotzen jarraitzen badute, aurtengo urtea amaitzean 1.000 milioi euroko aberastasuna gaindituko du hiriak. Udalaren helburua aberastasun hori birbanatzea da, sektore ahulenak aktibatzeko eta langabeei laguntzeko”.
2014an 800 enpresekin egin du lan udalak, eta 1151 kontratuen sorrera bultzatu du DESP-2014aren barruan, 2013an baino 23 kontratu gehiago. Hala, 312 enpresa berriren sorkuntzan kolaboratu du. Sustapenak 1,5 milioi eiro eskaini ditu kontrataziorako laguntza eta programetan, eta DESP programarekin onura jaso dute 352 gaztek. Horrekin batera, bestelako laguntza eta enplegu zerbitzuk 705 kontratazio bultzatu dituzte, eta nazioartean lan egiteko 85 beka eskaini dira.
Seseren esanetan, datu positiboen oinarria berrikuntza eta garapena sustatzen duten proiektuak bultzatzean datza; horrela, 1500 enpresek prestakuntza ikastaroetan parte hartu dute, eta Tecnalia zein Ikusi enpresa eragileekin parte hartu dute lanerako foro eta hitzarmenetan. Horren adibide dira Donostia WeekINN Berrikuntzaren astea, Talentu Berritzailea programa, Bono teknologikoa, Innplanta laguntzak eta Donostia INN + Donostia Open INN berrikuntzako plataforma eta webgune irekiak.
Altzarekin hitzarmena
2013an Altza izan zen langabezia tasa handiena jaso zuen auzoa. Horregatik, udalak lankidetza hitzarmena sinatu zuen Auzoarekin, Merkatarizako Sshops Donostia Federazioa eta Gipuzkoako Ostalaritza elkartearekin batera. Udalak 980.144 euroko inbertsioa egin du auzoan, eta hainbat ekimen bultzatu dituzte auzoko merkataritza aktibatzeko.
Dena den, Altza ez da Sustapenak eskainitako laguntza jaso duen auzo bakarra izan. Gainerako auzoetako langileei ere aholkua eta babesa eman diete 2014an, eta guztira 1.274 pertsona onuratu dira Sustapeneko arreta zerbitzuari esker. Horrekin batera, 876 pertsonek prestakuntza tailerretan parte hartu dute 312 enpresek, eta horrek 366 enplegu berri sortu ditu. Hauek dira Sustapenak nabarmendu dituen programak: EKIN, YUZZ-Donostiako Sustapena Programa, Donostia Ekin Soziala, DonostiaEkin!:
Ekiteko bide berriak jardunaldi interaktiboa eta emakume ekintzaileei eskainitako Start Up Barnetegia. Gainera, Sustapenak hitzarmena sinatu du Sabadell Guipuzcoano bakuarekin, programa berritzaileak sustatzeko helburuarekin.