Itsaso Gutierrez: 'Multzoez beste egiterik?'
Jendartearen premietara egokituz goazela esaten dugu, kontzientziak zuritze horretan. Eskoletan, hezkidetza-planak txertatzen dira, gainera, egon badiren errealitate askori erantzuteko beharraz baino, legez hala exijitzen delako. Berdintasun Sailak eta Hezkuntza Sailak bateratutako erabakiren batean, eskola guztiei ezinbestean exijitzen den eraldaketa delako. Kontzientzia, estropezu eginez errotzen ote da?
Haur eta gazte barnerakoi, ilun, goibel eta galduak. Identitatearen bilakuntzan taldekatu ezinik, etiketatu ezinik. Sozializazioa taldean arazorik gabe integratzean aitortzen dugunean, etiketa horietatik desberdin sentitzen direnak baztertuak ditugula ez dugu ikasten, ordea. Bakartiak ditugun ikasleak, erraz hautematen ditugu. Taldean integratzen ez direnean, irakasle gisa taldekatzeko saiakera ororen porrota bilakatzen zaigunean, gure estrategien zerrenda agortuaren ispilu. Lagunak egin behar direla inposatuz. Bizitza lagunartean hobea dela adieraziz.
Mundua geure egiteko saiakera horretan, multzokatzen ikasi dugulako. Gure irakasleei hala irakasteko esan zitzaielako. Eta multzo bakoitzari bere identifikazio fitxa ematen trebeak geu. Multzoren batean sartzerik ez dugun horrek urduritzen gaitu. Hala irakatsi zaigulako, akaso, irakasten dugu horrela. Itsuarena egiten dugu, multzoak apurtzen dizkigun errealitateei bizkarra emanez. Eta badatorkigunean, hurbiletik ditugunean, legez exijitzen denean, noraeza dator. Babesik gabe sentitzen gara. Jaso genituen enpatia dosi guztiak galduta, multzo batean sartu ezin dugun haurrari nola eta zer irakatsi, nola bere barrura heldu, bere egunerokoa ulertzea gure ezintasunaren isla denean.
Aniztasuna eta hezkidetza, eskoletako proiektuen programetan txertaturik ditugula ere, biluzik gaude. Norberak jantzi, erantzi, deseraiki, deserrotu eta berrezi behar baitu berea. Generoa eta sexua jaiotzetik hil arteko identitate ezaugarri baititugu, aldakor bezain hauskor, eta gehienetan, zaurgarri. Guztiok zeharkatzen gaitu, eta jendarteak edo jende-talde batek egokitu digun etiketa hori lagun edo etsai bilaka daiteke bizitzan zehar. Eskolak haur eta gazteen identitatea janzten eta hezten laguntzen duen erakundea izanda, erantzukizuna handia da, eta hezitzaileok hasi behar dugu erro-errotik multzokatze hori auzitan jartzen, gugandik hasita, eta geure ekintza txiki oro birpentsatuz: ikasleekiko eguneroko harremanetan, irakasleen arteko solasaldietan, balorazio-fitxetako gogoetetan… eta batez ere ikasle-taldearen erradiografia egiterakoan. Talde logikak ez ditzan ikasleak irentsi, baizik eta ikasleek elika dezaten talde-logika propio bat, guztion neurrikoa.