Zigorren diru kopurua “orekatzea” erabaki du Hiri Azpiegituretako eta Zerbitzuetako zinegotzi Nora Galparsorok. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Hondakinen zigor maximoa 30.000 eurotik 3.000 eurora pasako da, eta minimoa berriz, 60tik 500 euro arte igoko da.
Hilabete honetako udalbatzarrean aurkeztuko du udal gobernuak hondakinen ordenantza berria. Ordenantzaren helburu nagusia Parte Zaharreko hondakin bilketaren gestioa zehaztea da, baina etorkizunean gerta daitezkeen arazoak ekiditeko, hondakin zerbitzuetako teknikariek ordenantza betarazteko eskumena izango dutela adierazi du Hiri Azpiegituretako eta Zerbitzuetako zinegotzi Nora Galparsorok. Horrekin batera, zigorren diru kopurua “orekatzea” erabaki dute, eta hala, zigor maximoa 30.000 eurotik 3.000 eurora jaitsiko da. Aldiz, zigor minimoaren kopurua igo egingo da, 60 eurotik 500 eurora.
Galparsororen esanetan, neurri berriek ez dute eraginik izango ordenantza betearazi eta zigorrak ipintzeko orduan: “Teknikariek eskumenak izateak ez du esan nahi zaborren brigada sortuko dugunik. Eskumen horiek ematea erabaki dugu, etorkizunean gerta daitezkeen arazoei aurre egiteko boterea izan dezaten”. Galparsorok Loiolako Erriberetan izandako liskarrak gogora ekarri ditu: “Zaborra kalean pilatzen hasi ziren, osasun eta ingurumen kalte larriak eraginez. Halakorik berriro gertatu ez dadin, teknikariek eskumena izango dute ordenantza betearazi eta herritarrei aholkua eskaintzeko”.
Horrela, teknikariek eskumena izango dute auzoen birziklapen ohiturak ikertu eta okerrak zuzentzeko bideak eskaintzeko herritarrei: “Argi gelditu dadila teknikari horiek ez dutela udaltzainen lana egingo; beren ardura, ordenantza betetzen dela egiaztatzea izango da”. Hain zuzen ere, oposizioak udal gobernuari leporatu dio birziklapena jarraipena egiteko erabiltzen ibiltzea, eta Galparsorok gogora ekarri du 2002 urtetik ordenantzak behartzen dituela hiritarrak birziklapena egitera: “Onartezina da zaborra besterik gabe kaleetan pilatzea, horrek osasun arazo larriak ekarri ditzakeelako, esate baterako plagak”.
Zigor orekatuak
Hain zuzen ere, hondakin ordenantza apurtzeak kalte ordain handiak eragiten dizkio udalari, eta horregatik, orain arte zigor maximoaren diru kopurua 30.000 euro arte iritsi zitekeen. Ordenantza berriarekin kopurua 3.000 eurora jaitsiko dute, eta zigor txikiena berriz, 60 eurotik 500 eurora igoko da: “Kontuan izan, zaborra kalean uzteak, nahiz eta huts txikia izan, udalari kostu handia suposatzen diola”. Zigor ertainek berriz, 500 eta 1.500 euro artekoak izan daitezke aurrerantzean.