Ttan Ttakun irratiko Asier Mendizabal. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Ttan Ttakun irratiak, IRUTXULOKO HITZAk bezala, asko du ospatzeko. Hogei urte dira Karmengo Andre Mariaren kaleko egoitzan emititzen hasi zenetik. Urtemugen harira, indarrak batu eta elkarlana bultzatzeko asmoa dute bi hedabideek.
Kandelak piztu eta putz egiteko urtea da Ttan Ttakun irratiarentzat ere. FMko 107.2 seinalea hazi eta hazi ari da, eta 20. urtemuga honetan, beste hogei urte egiteko prest daudela erakutsi nahi dute.
Asier Mendizabal Nokono (Donostia, 1973) irratian denbora gehien daraman kidea da. Argi dauka hiriko irrati euskalduna aurrera doala, eta geroz eta abiadura handiagoa hartzen ari dela: «Ni iritsi nintzenean zazpi irratsaio egiten ziren. Orain hogeitik gora dira. Abiadura handia hartzen ari da irratia, geroz eta jende gehiago inplikatzen ari delako proiektu honetan». Donostiako Piratak, Guardetxea, Itxas gain etxe okupatua eta Txondorra Egiako kultur gune autogestionatuak dira irratiko ahots berriak, larunbat eguerditan tarte bat izango baitute.
Urtemuga ospatzeko zenbait ekitaldi prestatzen ari dira jada, baita hedabidearen 20 urteak irudikatuko dituen logo bat ere. Lehen ospakizuna irratiko kide eta kolaboratzaileentzako bazkari herrikoi bat izango da: «Beti ari gara irratiko kontuez hitz egiten, eta bazkari hau denok ondo pasatzeko momentu berezi bat izatea nahi dugu. Urte hauetan guztietan irratian izan den jendearekin elkartzeko aitzakia polita izango da».
Festa nagusia, Guardetxean
Jaialdi bat ere egin nahi dute, uztailan, Guardetxean: «Kontzertu erakargarri bat programatu, festa bat egin… Oraindik ez dugu ezer gehiegi zehaztu, baina hau izango da urtemugaren festa nagusia».
IRUTXULOKO HITZArekin ere, bi hedabideen urtemuga aitzaki hartuta, ospakizun bat egiteko ideiari bueltak ematen ari dira: «Bertakoak eta euskarazkoak diren hedabideak elkartzeko, eta elkarlana bultzatzeko balioko du». Eta Ttan Ttakunek bezala, hogei urte betetzen dituen beste lagun batekin harremanak sendotzeko urtea ere izango da, Euskal Herria Zuzenean jaialdiak bi hamarkada egin baititu: «Urtero zuzeneko konexioak egiten ditugu jaialdiarekin, baina aurten zerbait gehiago egin nahi dugu».
Auzotarrek sortua
Irratia sorreratik nola aldatu den azaldu du Mendizabalek: «Ttan Ttakun ez zen gaur egun ezagutzen dugun irratia. Beste funtzio bat zuen hasieran. Aitor Ikastolako haurren irratsaio bat izan zen hasieran, tailer moduan erabili ahal izateko sortu baitzen, 1995. urtean». Egia auzoari begira bizi zen irratia. Gazte eta helduak ere irratira gerturatzen hasi ziren pixkanaka, eta auzotarrentzako programazio bat osatzen hasi ziren.
Irratiaren proiektua gorpuzten hasi ahala, emisioa Donostia osora zabaltzea erabaki zuten. Lehen mugarria izan zen Ulian hedagailua jartzea, euren kabuz gainera, duela hamabost bat urte. 2012an, Eusko Jaurlaritzak banatutako lizentzia berriak zirela eta, frekuentzia aldatu behar izan zuen. Lehengo FMko 106.8 frekuentzia utzi eta FMko 107.2a hartu zuen.
Pauso bat aurrerago
Azken urteetan, irratia hazi eta sendotu izanaren arrazoiak Internet eta emititzeko formatua hobetzea izan direla uste du Mendizabalek: «Munduko teknikaririk onena dugu. Herrialde desberdinetatik deitu izan gaituzte berak garatu dituen programen berri izateko. Ez bakarrik webgunea bera, gure emititzeko formatua, seinalea eta streaminga ere bai». Nahiz eta teknologia eta komunikazio azkar aldatu, Ttan Ttakun irratia ez da atzean geratu. Alderantziz, pauso bat aurrerago doazela berretsi du Mendizabalek, eta horrek sekulako abantaila eta bultzada eman diela.
Emisioa Gipuzkoako kostalde osora iristen da, eta barnealdean, Beasaineraino. Halere, Ttan Ttakun Donostiako irrati gisa ikusten duela azaldu du Mendizabalek: «Donostia bereziki eta ingurua ere zaintzen dituena. Uhinak iristen dira leku gehiagotara, baina tokian tokiko hedabide bat da».
Uhin euskaldun eta libreak
Irrati libre eta euskalduna da Ttan Ttakun: «Irratsaio bakoitzak askatasun osoa du edozein gai lantzeko. Gure berezitasuna da euskara. Hogei urte hauetan iezarri dugun baldintza bakarra izan da, eta oinarria horretatik abiatu gara. Euskaraz egiten da irratian, eta euskara bultzatu nahi da. Hori da gure muga bakarra». Donostiako irrati euskaldun bakarra da Ttan Ttakun, eta hutsune hori betetzen duela uste du Mendizabalek: «Oraindik gutxi gara euskara hutsean lan egiten dugun hedabideak, oraindik asko dago egiteko».
Musikak protagonismo handia du irratian, irratsaioetatik kanpoko tarteak musikaz betetzen direlako, eta irratiko kideek programa asko musika estilo desberdinei eskaintzen dizkietelako. Mendizabalek, baina, musika baino gehiago ematen duen irrati bat dela defendatu du: «Edonork parte har dezake, eta nahi duen gaiaz hitz egin dezake bere irratsaioan. Irratiko kideak berak hamabi urte darama
Eguerdiko ahotsa magazinean eguneko albisteen berri ematen IRUTXULOKO HITZA erabiltzen dute horretarako, besteak beste. Goizez ere mundu mailako informazioa emateko tarte bat sortu nahi dutela aurreratu du, baina oraindik landu gabeko ideia da.
Nola imaginatzen dute irratiaren etorkizuna? Urtetik urtera egiten dituzte planak, eta orduan jartzen dituzte erronka berriak mahai gainean: «Behar tekniko berriak, bulegoan hobekuntzak egitea, ideia berriak pentsatu irratiarentzako dirua lortzeko, nola lortu oihartzun handiagoa… Beti ari gara gauzak hobetu nahian».
Esaterako, urtero urtarrilean egin ohi duten Ttan Ttakun festa: «Nabaritu dugu bere sorreran formatu oso berezi bat izan zela, berritzailea. Arrakasta izugarria lortu du, baina formatu hori askotan errepikatu da eta orain pentsatzen ari gara nola berritu dezakegun festa egiteko formula».