XIII. Arkeologia jardunaldiak asteazkenetik larunbata bitarte egingo dituzte, San Telmo Museoan
Arkeologia jardunaldiak San Telmo Museoan egingo dituzte. (Argazkia: Lide Ferreira)
Urtero bezala, Aranzadi Zientzia Elkarteak XIII. Arkeologia jardunaldiak antolatu ditu. Asteazkenetik aurrera, otsailak 25, eta lau egunetan zehar, EHU, Agiri Arkeologia Kultur Taldea eta Aranzadiko adituek hiru hitzaldi eta familientzako tailerra eskainiko dituzte. Jardunaldien helburua Euskal Herrian burutzen diren lan arkeologiak ezagutzera ematea da, duela milaka urte gure arbasoen bizimodua nolakoa zen ulertzen laguntzen duten ikerketak baitira. Horretarako, beraz, hiru gai nagusi jorratuko dituzte gogoetetan, 19:30etik aurrera:
- Otsailak 25, asteazkena: Brontze Aroa San Adriango tunelean (Aizkorri). 2008 urtetik hona pasadizo emblematiko honek interes handia piztu du arkeologo eta historialarien artean. Izan ere, bertan 3500 urte inguruko aztarkanak aurkitu dira.
- Otsailak 26, osteguna: Monumentu megalitikoen zaharberritzea. Azken urteetan megalitoak berreraikitzeko proiektu desberdinak aurrera eraman dituzte: Arribiribilleta, Sorginaren Txabola eta Hezurtegiaren Gaintxoa. Horretarako, teknika berrienak erabili dituzte eta arkitektoek, zaharberritzaileek eta topografoek, besteak beste, elkarrekin egin dute lan, diziplina ugari bateratuz.
- Otsailak 27, ostirala: Euskal Herriko harrespilen inguruko egungo egoera. Oro har, 1500 estruktura identifikatu dituzte Euskal Herriko geografian zehar, eta monumentu hauen sailkapenean aintzindari izan zen Jacques Blot arkeologo lapurtarra omendu nahi dute hitzaldi honen bidez. Iparraldean, bereziki, hileta monumentu hauen sailkapena sortu zuen Blot-ek.
Jardunaldiei amaiera emateko, larunbatean, otsailaren 28an,
familientzako tailerrak eskainiko dituzte, 17:00etan, San Telmo Museoan. Modu didaktiko eta aktiboan historiaurreko munduan murgiltzea izango da xedea. Bertan duela milaka urteko lehen gizakien bizimodua, elikadura eta tresneria ezagutuko dute bertaratzen direnek. Gainera, naturak berak dituen baliabideekin sua egiten ikasiko dute.
Megalitoen informazioa klik batean
Jardunaldien ildoa jarraituz, Aranzadik eta Akting enpresa donostiarrak Gipuzkoako monumentu megalitikoak ezagutzeko smartphone eta tabletentzako aplikazioa garatu dute. Geokokapenaz baliatuta, megalitoen informazio zehatza eskaintzen du: deskribapena, bertan egindako ikerketak, bibliogragia, planoak… Guztira, 281 elementuen fitxa aurkitu daiteke aplikazioan, argazkiz eta koordenatuz hornituta. Adibidez, mendi ibilaldi bat egitean, erabiltzaileak inguruan dituen harrikutxa, harrespil, dolmen, monolito eta tumuluak ezagutzeko aukera izango du etengabe.
Hortaz, aplikazioa deskargatu nahi duen orok bere eskuko telefonoko Google Play aplikazio kudeatzailera jo beharko du eta bertan deskargatu. Iphone sistema duten telefono mugikorretan laster egongo da aplikazioa eskuragarri.