‘Arrastoak’ antzezlanak irabazi du Donostia antzerki saria
Dejabu Panpin Laborategiak eskuratu du hirugarren aldiz euskarazko lan onenaren saria.
“Umorearen eta dramaren bitartez, gaurkotasuna galdu ez duten gaiak ausardiaz lantzen ditu Dejabu Panpin Laborategiaren Arrastoak antzerki lanak, non gauden eta nondik gatozen, adibidez”, lan horri Donosti Antzerki sari ematea erabaki duen epaimahaiaren ustez. Sari gisa 10.000 euro jasoko ditu konpainiak, horietako 2.000 hurrengo hiru urteen barruan Donostian beste obra bat estreinatzera bideratuak. Horrez gain, emanaldia Donostian berriro eskaintzeko aukera izango dute, Viktoria Eugenia antzokian, martxoaren 27an.Hirugarren aldiz irabazi du Dejabu Panpin Laborategiak Donostia Antzerki saria. 2011n irabazi zuen aurrenekoz, Le Petit Theatre de Pain eta Artedramarekin batera ekoitzitako Errautsak lanarekin; bigarren aldia 2012an izan zen, Gure bide galduak lanarekin.Antzerkigintza modu kolektiboan lantzen du Dejabu Panpin Laborategiak, inprobisazioari garrantzi handia emanez, eta alderdi hori ere nabarmendu du epaimahaiak. Ainara Gurrutxaga Dejabu Panpin Laborategiko aktorearen iritziz ere, alderdi hori garrantzi handikoa da. “Balio handia ematen diogu prozesuari”, nabarmendu du gaur, prentsaurrekoan. Gurrutxagarekin batera, Iñigo Aranbarri, Urko Redondo eta Miren Alkala aktoreek hartzen dute parte, oholtza gainean, Arrastoak-en emanaldietan.
Obra iazko azaroaren 1ean estreinatu zuten. Dagoeneko hogeitik gora emanaldi egin dituzte eta beste hamazazpi dituzte hitzartuak. Aurrenekoak asteburu honetan dituzte, Lekeition (Bizkaia) larunbatean eta Azkoitian (Gipuzkoa) igandean.
Aurten 15 antzerki obra eman dira euskaraz Donostiako antzoki publikoetan, Nerea Taxapartegi Kultura zinegotziak emandako datuen arabera. Orotara 40 emanaldi egin dira, eta 5.900 ikusle bildu dituzte. Aurreko urteetako kopuruak gainditu dira horrenbestez: 2011n, adibidez, bederatzi obra eman ziren, emanaldiak 19 izan ziren, eta ikusleak 2.600.