Euskararen Ginakanaren irabazleak 3.000 euro jasoko ditu. (Argazkia: Kutxa)
Dagoeneko martxan da Euskararen Ginkana talde lehiaketa, Kutxa Ekoguneak euskaraz eta euskararekin dibertitzeko antolatu duena, Azkue Fundazioaren babesarekin. Laugarren edizio honetan, berriz ere, taldekako lehiaketa egingo dute. Horrela, bihartik hasita astero internet bidezko probetan puntuazio gehien batzen dituzten taldeak pasako dira Ekogunean gauzatuko den lehiaketako final handira.
Saria euskararen aldeko proiektu baterako 3.000 euroko laguntza izango da. Gaiak, berriz, teknologia berriekin lotuta egongo dira, izan ere, TIKTak eta ekologia izango dira aurtengo gai nagusiak. Hala, gainditu beharreko probak eta galderak mundu digitalean euskarak eta ekologiak duten presentziari lotuak egongo dira.
Lehiaketaren lehen fasea martxoaren 16an amaituko da, eta bigarrena apirilaren 18an.
Euskara, sarean
Ginkanaren helburua euskarak sarean duen presentzia indartzea da. Gaur egun, munduko nabigazio hizkuntzen artean 44. erabiliena da eta Wikipedian artikulu gehien duten hizkuntza zerrendan 34. postuan dago kokatua. Ginkanaren arduradunen arabera, euskara erabiltzaileek denbora gutxian egunerokoaren eremu ia guztietan barneratu dituzte sare sozialak eta Internet, etxean eta kalean, baita lanean, hezkuntzan eta aisialdian ere. Dena den, hizkuntza erabiltzearekin batera euskararen ekosistema digitalean osasuntsu bizitzea da ginakanaren arduradunen helburua eta horretarako, baliabideak ezagutu, erabili, elikatu eta sortzera animatu nahi dituzte parte hartzaileak.