Kultur arloko ordezkariek bat egin dute euskara bermatzeko ekimenarekin. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Udalak
Kulturan ere euskaraz kanpaina aurkeztu du gaur, alor horretan ere euskara sustatzeko helburuarekin. Horrela, Donostia Kulturaren barruko arduradun eta kudeatzaileek lehen hitza euskaraz egingo dute, eta hiriko kultur azpiegitura guztietan herritarrei euskaraz egingo diete harrera; kanpaina martxan ipintzeko, kultur guneetan enarak eta eranskailuak banatuko dituzte,
antzokian ere euskaraz,
kultur etxean ere euskaraz eta
museoan ere euskaraz, besteak beste. Euskara arduradun Nerea Txapartegiren esanetan, euskararen normalizazioan urratsa ematea ahalbidetuko du kanpainak.
Hain zuzen ere, kultur guneetako harrera postuetan dauden langile guztiek euskaraz egiteko ahalmena dutela azpimarratu du Txapartegik: “Donostia Kulturak kudeatzen dituen harrera gune guztietan, langile guztiek euskaraz egiteko gaitasuna dute; guztira 71 dira harrera eginkizunetan dabiltzan langileak, eta denek euskaraz artatuak izateko eskubidea bermatzeko ahalmena dute”.
Horrekin batera, Donostia Kulturako langile guztien %85 herritarrei euskaraz egiteko gaitasuna dute Txapartegiren esanetan: “San Telmo Museora, antzokietara, kultur etxeetara eta liburutegietara gerturatzen direnek euskaraz egitera gonbidatu nahi ditut, beraiei ere euskara zuzenduko zaizkiela bermatu dugulako kanpaina honekin”.
Udalean ere, euskaraz
Euskara arduradunak gogora ekarri du iaz
Udalean ere, euskaraz kanpaina hasi zutela, eta orain, kulturaz gain, merkataritza arlora ere hedatu nahi dute ekimena: “Euskararekin konpromiso irmoa dugu, normalizazioa eta erabilera sustatzeko helburu finkoa dugu, eta beraz, hizkuntza sustatzen jarraituko dugu udalean, dendetan, tabernetan, kultur guneetan kalean edo etxean, Donostia euskararen hiria baita”.