Parte Zaharreko dendari eta ostalariek %90 birziklatu dute
Datuez gain, profesionalei birziklatzen lagunduko dien webgunea aurkeztu dute
Jokogarbia.donostia.org webgunearen barruan, profesionalei bideratutako atal berri bat jarri dute martxan. Bertan, argibide ugari eta kontsulta zerbitzua eskaintzen zaizkie. Ostalaritzan ari direnek, eta harategi, arrandegi zein fruitu dendak dituztenek atal bereziak dituzte. Dendak, gremioek eta industrialdeek ere badute euren atal propioa, bakoitzari dagozkion ezaugarri bereziekin osatuta. Gainera, webgune berriak prebentziorako gomendio, arau, isun eta tasen inguruko informazioa ere biltzen du. Lourdes Lazarok adierazi duenez, zerbitzua oso ongi zehaztuta dago eta gomendioek asko laguntzen dietela aitortu du, “hiritar, erabiltzaile orokor bezala ere gomendio asko daude”.
Materia organikoa Altzan
Zure sukaldetik, Altzako lorategietara lelopean, martxoaren 14an auzolanean zuhaitz landatzea egingo dute, Tomasene kultur etxearen atzealdean. Materia organikoaren jolasa eta haurrentzako hamaiketakoa ere izango dira. Martxoaren 15ean, berriz, Zirika Zirkus taldearen Konpost Ero antzezlana eskainiko dute, haurrei zuzendutakoa, Larratxo kultur etxean. Sarrera doakoa izango da. Hala, Galparsorok altzatarrak animatu ditu hondakin organikoen sistema bilketan parte hartzera.
Hiru hilabete besterik ez dira igaro Parte Zaharreko hondakinen bilketa sistema berria ezarri zutenetik, eta dagoeneko “zoriontzeko” moduko emaitzak lortu dituzte. Izan ere, epe honetan ostalaritzako eta dendetako langileek %90 birziklatu dute. Halaxe azaldu du Azpiegitura eta Hiri Zerbitzuetako zinegotzi Nora Galparsorok goizean egin duen prentsaurrekoan. “Profesionalen inplikazio eta kolaborazioa eredugarria izan da, eta lorpen honek hiriari ekarpen handia egiten dio”, nabarmendu du. Sistema berria abian jarri zenean finkatu zituzten helburuak bete direla adierazi du, baina hobetzen jarraituko dute. “Birziklatzea denon ardura eta konpromisoa da”.
Berarekin batera, Gipuzkoako Ostalarien Elkarteko Idazkari Orokor Kino Martinez eta Donostia Shops-eko ordezkari Lourdes Lazaro izan dira. Bi sektoreak hondakinen bilketa sistemaren esperientziarekin pozik agertu dira. Langileei birziklatzearen inguruko formakuntza eskaini diete, eta bilketarako ordutegiak egokitu dituzte. “Beste auzoekin alderatuta, Parte Zaharrean hondakinen kopuru bikoitza biltzen da; hortaz, egin dugun esfortzua handiagoa izan da. Erabateko arrakasta lortu dugu %90 birziklatzearekin”, esan du Martinezek.
Lazarok, bere aldetik, Galparsoro eta Martinezen mezuak indartu ditu, kolaborazioa eta lankidetza ezinbestekoak direla azpimarratuz. “Langileek beraiek euren egunerokotasunerako baikorra dela ikusi dute, eta modu errazean betetzen dituzte jarraitu beharreko pautak. Honela, Donostia ingurumenarekin iraunkorragoa den hiri bat lortzen ari gara. Dendek hiri eredu horren alde egiten dugu eta beste auzoetara eramatea nahiko genuke”. Honekin lotuta, Nora Galparsorok esan du Parte Zaharreko esperientziarekin beste auzoetara eramatea aztertuko luketela, baina euren azken helburua horixe da, hondakinen sistema berria hiri osoan zehar zabaltzea.
Gomendioak eta informazio baliagarria
Bestalde, birziklatu nahi duten profesionalei zuzendutako tresna berria aurkeztu dute.