Alberto Lopezek hartu du Alberto Goitiaren lekukoa, klubaren zuzendaritza nagusian
Joserra Gomez, Arraun Lagunakeko zuzendaritzako kidea; Alberto Goitia, orain arteko Donostiarrako presidentea; Alberto Lopez, Donostiarrako presidente berria; eta Ricardo Unzueta, Urkiko presidentea. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Gasteizen jaioa den arren, 20 urte baino gehiago daramatza Donostian bizitzen Alberto Lopezek. Gustura hartu du Donostiarra arraun elkarteak egindako proposamena Lopezek, eta klubaren presidente berria da jada, Alberto Goitiaren lekukoa hartuz. Bost urte bete ditu Goitiak presidente moduan, eta pozik utzi dio lekua Lopezi. Prentsaurrekoa eman dute gaur klubeko arduradunek euren asmoen berri emateko, Salamanca pasealekuan duten egoitzan. “Pixka batez pentsatu ostean, baiezkoa eman nuen. Enpresa pribatuaren mundutik eta gastronomia elkarte batetik nator”, azaldu du Lopezek. Izan ere, Parte Zaharreko Aizepe gastronomia elkarteko presidentea da Lopez,
Torrekua trainerua babesten duen elkarteetako bat, beraz, elkartearen berri du bere hastapenetatik. Edonola, bere ideien artean, proiektua hiriko arlo gehiagotara zabaldu nahi dutela azaldu du, eta datozen bost, hamar eta hamabost urteei begira helburu zehatzak jarriko dituztela euren lan proiektuan. Goitiari dagokionean, zuzendaritzako kide izaten jarraituko du, klubaren egunerokotasuna jarraituz.
Argi eta garbi utzi du Lopezek Ur-Kirolak eta Donostia Arraun Lagunak arraun elkarteekin batean lanean jarraitzen duela Donostiarrak, hiriko traineru bateratua bideratzeko kluba den heinean. Hala, hiriko bi elkarte horiek dira Donostiarraren harrobia ziurtatzeko zutabe nagusiak. Horren lekuko, prentsaurrekoan egon dira Ricardo Unzueta eta Joserra Gomez, Urkiko eta Arraun Lagunakeko zuzendaritzako kideak, hurrenez hurren.
Klubaren plan orokorrari dagokionean, lau oinarritan banatu ditu bereiztu ditu Lopezek: gizartea, kirol arloa, komunikazioa eta ekonomia. Arlo horietako bakoitzean baditu jada bere helburuak jarriak Lopezek, esaterako, 1.000 bazkide izatetik 3.000 izatera igarotzea, epe motzean Donostiarra TKE Ligan lehiatzea, eta urte guztian zehar komunikabideetan lekua izatea, besteak beste. Hori bai, buruarekin jokatu nahi du Lopezek, eta lanerako gogoz dagoela ziurtatu du.
Honakoak dira Donostiarrako zuzendaritzako kideak:
- Alberto Lopez (presidentea).
- Juan Mendizabal (presidente ordea).
- Felix Martinez (idazkaria).
- Joseba Ubillos (diruzaina)
- Manolo Berasategi
- Migeltxo Iturrioz
- Antxon Iriarte
- Alberto Goitia
- Iñaki Santiesteban
- Joserra Mendizabal
- Jose Maria de Diego.
Alberto Lopezekin elkarrizketa sakona izan du IRUTXULOKO HITZAk, eta ostiral honetako astekarian argitaratuko du.