2013an Txomin Eneako etxebizitzen eraiste lanak hasi zituzten. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Udalak adierazi duenez, hiru eskaintza aurkeztu dituzte Txomin Eneako obrak egiteko lehiaketara. Obrak apirilean esleituko dituzte, eta udal gobernuak gogorarazi duenez, adjudikaziodunari egingo dioten gehienezko ekarpena 21,3 milioi euro gehi BEZa izango dira. Bestalde, lehen etxebizitzak eraikitzeko gehieneko epea 32 hilabetekoa izango da.
Udal gobernuarentzat albiste ona da hiru eskaintza jaso izana, enpresa irabazlearentzat edo irabazleentzat, hasieran inbertsio zama handia eskatzen duen proiektua delako. Horrela, auzoan 929 etxebizitza berri eraikiko dira: 291 libre, 129 tasatu, birkokatzeko 95 eta 424 babes ofizialeko, horietatik 162 udalarenak eta 43 lokal. Gainera, auzoaren altuera maila 3 eta 3,5 metro artean igoko dute, uholdeak saihesteko. Horrekin batera, Espartxoko zubia eraitsi ondoren, bidea urbanizatu eta altxatuko du, udalari aurreproiektua aurkeztu ostean. Esleipenduna arduratuko da behin betiko proiektua egiteaz eta udalak hori onetsiko du.
Ricardo Burutaran Hirigintza zinegotziaren esanetan, auzoak laster izango du behar duen eraldaketa. “Uholdeak iraganeko kontua izango dira, hainbat bizilagun auzora itzuli ahalko dira eta donostiarrei etxebizitza publikoak eskainiko zaizkie berriz. Hala, espazio atsegina sortuko da ibaiertzean, egun hondatuta dagoen inguru batean. Hiriak zor historikoa du auzoarekin”.
Eraikitzeko baldintzak
Udalak balditzak jarri ditu obra lortzen duenak bete ditzan: etxebizitza guztiek trastelekua eta garajea eduki beharko dute, babes ofizialeko etxebizitzek armairuz eta etxetresna elektrikoz hornitutako sukaldeak izango dituzte, baita erabat hornitutako bainugelak (ispilua barne) eta argiztapena ere. Adjudikaziodunak bi zaintza-kamara jarri beharko ditu obren jarraipena egiteko.
Gardentasuna eta informazioa
Pleguek zehazten dutenaren arabera, adjudikaziodunak udalak obren prozesuari buruz informatzeko bizilagunekin antolatzen dituen bileretara joan beharko du, gardentasun adibide gisa.
Lan baldintzak
Enpresa adjudikaziodunak edo adjudikaziodunek, nahiz azpikotratatutakoek, gutxienez Gipuzkoako eraikuntza eta obra publikoen hitzarmena bete beharko dute, baita lanean segurtasun eta osasun baldintzak ere. Hilero txosten bat egin beharko dute langile kopurua, bakoitzaren lana, kontratu mota eta luzapenari buruzkoa.
Hizkuntzen erabilera
Errotuluak, herritarrei abisuak eta beste elementu informatiboak bi hizkuntza ofizialetan jarriko dituzte, euskara lehenetsiz. Publizitate, megafonia bidezko abisuak eta bestelakoak euskaraz egin beharko dira, edo bi hizkuntza ofizialetan. Udalak kontratatutako enpresek itzulpen zerbitzuak erabili ahal izango dituzte kontratuetan eta beste dokumentuetan.
Horrekin batera, obra lortzeko
puntuazio-baremoak zehaztu ditu udalak:
1.- Proposamenen edukia eta kalitatea: materialak, hirigintza-irtenbidea, kalitate arkitektonikoa, diseinua, hirigintza-irudia, estalkiak, arrapalak, balkoiak, begiratokiak… 12,5 PUNTU
2.- Etxegintzako etxebizitzen balorazio zehatza: babes ofizialeko etxebizitzen kalitatea bermatzeko atal berezia dago. Eraikuntzaren kalitatea, eraikuntzen zerbitzuak, kontzeptu bioklimatikoa, gastuen murrizketa, etab. 12,5 PUNTU
3.- Hirigintza proiektuaren hobekuntzak: 5 PUNTU
4.- Birkokatzeko etxebizitzak eraikitzeko epea murriztea: etxebizitza hauek eraikitzeko epea gehienez 27 hilabeteraino murriztu ahalko da, hau da, 5 hilez gehienez. Murriztutako hilabete bakoitzeko 2 puntu emango dira. Horrenbestez, atal honetako gehienez 10 PUNTU emango dira.
5.- Enplegua sustatzea: Lan-hilabete gehien duen eskaintzak lortuko du puntuazio handiena. 5 PUNTU
6.- Proposamen ekonomikoa: Gehienez 45 PUNTU emango dira. Gainera, etxebizitza tasatuen prezioa gehien jeisten dutenek beste 10 PUNTU lortuko dituzte gehienez.