Dendariei eta ostalariei bideratutako atal berri bat jarri dute ‘Jokogarbia.donostia.org’ webgunean; Parte Zaharrean ezarritako bilketari buruzko informazioa jaso dute bertan
Birziklatu nahi duten profesionalei zuzendutako tresna berria aurkeztu du udalak. Hain zuzen ere, Jokogarbia.donostia.org webgunearen barruan, profesionalei bideratutako atal berri bat jarri dute abian. Bertan, argibide ugari eta kontsulta zerbitzua eskaintzen zaizkie.
Parte Zaharrean ezarritako bilketa sistema indarrean jartzearekin batera dator informazio euskarri hau. Ostalaritzan ari direnek, eta harategi, arrandegi zein fruitu dendak dituztenek atal bereziak dituzte webgunean. Dendak, gremioek eta industrialdeek ere badute euren atal propioa, bakoitzari dagozkion ezaugarri bereziekin osatuta.
Gainera, webgune berriak prebentziorako gomendio, arau, isun eta tasen inguruko informazioa ere biltzen du.
Donostia Shops merkatarien elkarteko ordezkari Lourdes Lazarok adierazi duenez, zerbitzua oso ongi zehaztuta dago eta gomendioek asko laguntzen diete. «Hiritar, erabiltzaile orokor bezala ere gomendio asko daude», adierazi du merkatariak.
Parte Zaharrean ezarritako sistema berriaren argibideak ematen ditu webgune berriak, besteak beste. Hain justu, hiru hilabete besterik ez dira igaro Parte Zaharreko hondakinen bilketa berria abian jarri zutenetik, eta dagoeneko emaitza oparoak lortu dituzte. Izan ere, epe honetan ostalaritzako eta dendetako langileek %90 birziklatu dute, udal iturrien datuen arabera.
Donostia Shops-eko ordezkariak nabarmendu du kolaborazioa eta lankidetza ezinbestekoak direla sistemak arrakasta izan dezan: «Langileek beraiek euren egunerokotasunerako baikorra dela ikusi dute, eta modu errazean betetzen dituzte jarraitu beharreko pautak. Honela, Donostia ingurumenarekin iraunkorragoa den hiri bat lortzen ari gara. Dendek hiri eredu horren alde egiten dugu eta beste auzoetara eramatea nahiko genuke».
Ostalariak ere, pozik
Merkatariek ez ezik, ostalariek ere begi onez ikusi dute sistema aldaketa, Gipuzkoako Ostalarien Elkarteko Idazkari Orokor Kino Martinezen hitzetan. «Beste auzoekin alderatuta, Parte Zaharrean hondakinen kopuru bikoitza biltzen da; hortaz, egin dugun esfortzua handiagoa izan da. Erabateko arrakasta lortu dugu %90 birziklatzearekin», azaldu du.
Iritzi berekoa da Hiri Azpiegituren eta Zerbitzuen zinegotzi Nora Galparsoro: «Profesionalen inplikazio eta kolaborazioa eredugarria izan da, eta lorpen honek hiriari ekarpen handia egiten dio». Sistema berria abian jarri zutenean finkatu zituzten helburuak bete direla adierazi du, baina hobetzen jarraituko dutela ziurtatu du: «Birziklatzea denon ardura eta konpromisoa da».
Zuhaitz landatzea egingo dute bihar Altzan
Hondakin organikoak biltzeko lanketak aurrera darrai, eta asteburuan Altzara iritsiko da. Izan ere, zuhaitz landatzea egingo dute bihar auzolanean, Tomasene kultur etxearen atzealdean, Zure sukaldetik, Altzako lorategietara lelopean. Materia organikoaren jolasa eta haurrentzako hamaiketakoa ere izango dira aukeran. Igandean, berriz, Zirika Zirkus taldearen Konpost Ero antzezlana eskainiko dute, haurrei zuzendutakoa, Larratxo kultur etxean. Sarrera doakoa izango da. Hala, udal gobernuak altzatarrak animatu ditu hondakin organikoen sistema bilketan parte hartzera.