Argazki zaharrak eta bestelako materiala biltzeko deia zabaldu du Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkarteak (IZBE), artxiboa osatu eta erakusketa bat egiteko.
Begoña Alzaga eta Josean San Roman. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Begoña Alzaga eta Josean San Roman, IZBE-ko kideak.
Jo eta ke ari dira lanean Begoña Alzaga (Intxaurrondo, 1961) eta Josean San Roman (Intxaurrondo, 1947), euren auzoko memoria historikoa biltzeko. Ordutegi bat jarri dute, astelehenero, 19:00etatik 20:30era, auzotarren materiala jasotzeko, apirilaren 27a arte, Ipar Haizearen egoitzan (Zarategi kalea,65). Posta elektronikoz ere bidal daiteke materiala: i_z_be@hotmail.com.
Aspaldi sortu zenuten bizilagunen elkartea?
Josean San Roman (J. S. R.): Badira urte batzuk lanean ari garela, eta baditugu aurrekariak, baina izen honekin 1998tik gabiltza.
Begoña Alzaga (B. A.): Hasieran auzoaren gabeziak hobetzea genuen buruan. Baziren hainbat gai garrantzitsu; trenbidearen estaltzea, kultur etxe duin bat izatea eta irisgarritasun arazoak konpontzea, batez ere. Orain, elkartea hainbat ataletan banatzen dugu. Auzoak eta Partaidetza, Historia, Haur gunea eta Euskal Kantak.
Lagun asko zabiltzate auzoaren historiaren inguruan ikertzen?
J. S. R. : Beti ibili gara bai Begoña eta bai ni datuak eta artikuluak jasotzen, baina bakoitza bere aldetik. Azken urtean elkarrekin lanean aritu gara, artxibo on bat osatzeko asmoarekin, Maite eta Felixekin batera. Eta, noski, zabalik gaude jende berria jasotzeko.
Nondik datorkizue interesa?
B. A. : Nik historia ikasi nuen, auzoan jaioa naiz, eta nire aita ere bai. Gainera, nire familia mendeetan zehar Altzan errotua dago eta Altza historikoarekiko halako sentimendu berezi bat daukat.
J. S. R. : Nik betidanik izan dut historiarekiko interesa.
Zein helburu duzue?
B. A. : Batetik, datu base sendo bat osatzea, eta bestetik, auzoaren memoria auzotarrei helaraztea. Intxaurrondoko jende gehiena ez da auzoan jaio, ez du auzoaren bilakaera ezagutzen.
J. S. R. : Gainera, gure lan honen bidez jakinarazi nahi dugu Intxaurrondo Altzako auzo bat izan dela, sentimendu hori gal ez dadin. Gaur egun Intxaurrondon bizi den jende askok ez daki hori horrela izan denik ere.
Baduzue harremanik Altzako Historia Mintegiarekin?
B. A. : Bai, bere aldetik lan ikaragarria egin du, guretzako oso baliagarria izan dena. Gure aldetik ere esfortzua egin nahi dugu.
J. S. R. : Beti kolaboratu izan dugu beraiekin, eta bertako bazkideak gara.
Dagoeneko hainbat lagun elkarrizketatu dituzue, ezta?
B. A. : Bai, hamar bat elkarrizketa egin ditzkiegu auzoko zaharrenei. Eurek ezagututako auzoaz galdetu diegu, nolakoa zen bizimodua, non ikasten zuten, bizilagunen arteko harremana nolakoa zen, pasarteak…
J. S. R. : Konturatu gara elkarrizketak egiten hasi ginenetik bat baino gehiago hil zaizkigula. Beraz, oroitzapenik gertukoenak galtzen ari gara. Auzoaren zabalkuntzarekin hainbat baserri desagertu ziren, eta horiek oroitu nahi ditugu.
Zeintzuk elkarrizketatu dituzue?
B. A. : Elkarrizketatu ditugun gehienak baserri zaharretan bizi izandakoak izan dira, Pellizar, Lizardi, Baso Txiki… Intxaurrondo Zaharrean izandako Letaman lantegiko langile ohi bat ere elkarrizketatu dugu.
J. S. R. : Lehen elkarrizketa egiteko bost lagun elkartu genituen, eta batak besteari hitza kentzen zion. Mirakruz Gainako parroko izandako Baltasarrekin ere egon ginen, oso interesgarria izan zen.
Horretaz gain, bisita gidatuak ere egin dituzue. Zein erantzun jaso duzue?
B. A. : Hiru bisita gidatu egin genituen iaz, auzoaren bilakaera kontatuz. Horietako bat institutuko ikasleekin egin genuen, eta hor partaide kopurua adostua zegoen. Beste bietan, 15-20 lagun bildu ziren, baleko erantzuna. Konturatzen gara gauza asko ditugula kontatzeko, eta neurria hartu behar diogu, hobeto komunikatzeko batez ere. Hiruetan ibilbide berdina egin dugu, eta gaika banatzearena pentsatzen ari gara.
J. S. R. : Gotorlekuen gaia hartzea pentsatu dugu, esaterako. Defentsarako gune bat zen Intxaurrondo Zaharra, Ametzagainaraino, eta gotorleku bat baino gehiago zeuden karlistadetan, euren kainoi eta guzti lanean.
Argazkiak eta materiala biltzeko deia egin duzue orain.
B. A. : Bai, elkarteak badu argazki artxibo bat. Hala ere, auzotarrek izan ditzakete gordeta gauza interesgarriak, eta jaso dugu zerbait dagoeneko. Ezustekoaren zain ere bagaude.
J. S. R. : Gainera, baten batek jarritako ordutegian egoitzara joateko arazoren bat badu, gurekin harremanetan jarri, materiala jaso eta berehala itzuliko diogu. Dagoeneko 1.000 argazki izango ditugu gure artxiboan, baina jaietako programa zaharrak falta zaizkigu bereziki, eta interes berezia dugu.
Zerbaitek harritu zaituzte bereziki?
J. S. R. : Jakin dugu gaur egun Todo Todo supermerkatua dagoen tokian likore, laban eta irrati fabrikak zeudela.
B. A. : Adibidez, bai Lizardi baserria, bai Artzak Ortzeok elkartea, gerra garaian babeslekuak izan ziren.
Bildutako materialarekin zer egin nahi duzue?
J. S. R. : Berehalako helburu gisa, aurtengo Intxaurrondo Eguna Intxaurrondo Zaharrean izango da, irailean, eta erakusketa txiki bat egiteko konpromisoa hartu dugu.
B. A. : Liburu bat kaleratzearena ere buruan dugu. Materiala badugu, zabaltzeko formatuarekin asmatu behar dugu. Aurten egutegi bat kaleratu dugu argazki zaharrekin, eta oso harrera ona izan du auzoan.