"Luzatu egin behar izan dugu ibilbidea, eskaerari erantzuteko"
Xabier Garmendia, Korrikaren Donostiako arduraduna
Dena lotuta du AEK-k. Korrikaren 19. ekitaldia lau orduz izango da Donostian igandean, 08:33etik 12:36ak arte. Hirian 32.000 metroko ibilbidea egingo du, eta 107 eragilek hartuko dute lekukoa. Korrika badator. Aurtengo ibilbideak aldaketa esanguratsurik al du Donostian? Beste urteetako eredua hartu dugu, baina badaude zenbait aldaketa; luzatu egin behar izan dugu ibilbidea, eskaerari erantzuteko. Zertxobait luzeagoa egin dugu, Erdialdeko kilometroetan bereziki. Jende askok Erdialdean egin nahi du korrika, Donostia mailako eragileek batez ere. Auzoetakoek euren auzoetan egiten dute. Berrikuntza moduan, Google Earth-en ikusi daiteke ibilbidea. Lekukoen artean, baten bat nabarmenduko zenuke? Guztiak dira garrantzitsuak, baina, alderdi politiko eta sindikalak baino harago, badira ezagunak direnak. Eitb-ko langileen ordezkari Anjel Alkainek hartuko du lekukoa. Grabatu egingo dute, parodia antzeko bat egingo dutelako. Aurretik, Realak hartuko du. Ez dakit nork hartuko duen. Lehen Mailako jokalaririk ez dakit hartuko duen, etxean jokatzen baitu taldeak. Biek Kontxan egingo dute korrika, bata bestearen atzetik. Piratek Kaian hartuko dute, Portaletan. Zeintzuk dira ibilbideko gune zailenak? Intxaurrondo. Egia izan daitekeela dirudi, baina Intxaurrondo izango da. Lizardi kalea. Estua eta aldapatsuena. Ehunekoei begiratuz, ez dugu neurtu, baina ziur gaude aldapatsuena dela. Ausartenen gunea izango da. Sufrituko dute pixkat. Gainera, handik Pablo Sorozabal biribilgunea hartu eta berriz ere gora doaz, Zarategitik Txarara. Gune zaila da, betiko korrikalarientzat aproposa. Parte Zaharra zaila da, furgoneta ezin delako pasa, kale estuak direlako. Nahiko jendetsua izaten da Parte Zaharra. Aurreko ekitaldian iluntzean izan zen, ikaragarria. Gainera, gu bakarrik sartzen gara gure autoarekin, udaltzainak ere ez dira sartzen. Ostiralean probatu genuen ibilbidea eta ez genuen arazorik ikusi. Goizez izanda, ez da horrenbesteko jendetza izango, duela bi urtekoa izugarria izan baitzen. Zuk zeuk Korrika eguna nola bizi duzu? Autoan joango naiz eta Donostia osoa egingo dut, Bidebieta izan ezik. Oarsoaldean ibiliko denez, ez naiz autoan sartuko. Ibilbide hori beren gain dago. Gero Buenavistan hartuko dut, eta Errekalderaino joango naiz. Bezperan Astigarragatik pasako da eta, Martutenen bizi naizenez, ziur aski gerturatuko naiz. Hunkigarria izango da, jendea ikustea lekukoa bata besteari ematen. Lehendabizi Mugikortasuneko lau agente doaz motoan. Gero gu goaz, eta gero furgoneta. Leku aldaketak ez ditugu ikusten, biribilgune batean ez bada. Guk bizi dugu nolabait lekukoa hartu aurreko urduritasun eta irrika hori; jendea irribarretsu, pozez gainezka. Oso polita da. Jendea oihuka ikusten duzu… Ni neu urduri joaten naiz, ibilbidea kontrolatu behar dudalako. ‘Euskahaldun’ da Korrika 19ren leloa. Zein da mezua? Lelo horren harira jendeari dei bat luzatu diogu, nor bere neurrira; euskaraz ez dakienak ikas dezan, eta dakienak erabili dezan. Ahal dela. Ahal dugula. Ahal dugula ikasi, ahal dugula erabili eta ahal dugula euskaraz bizi. Igandearen atarian, zein giro ikusi duzu auzoetan? Auzo batzuetan gosaria egingo dute, beste auzo batzuetan hamaiketakoak eta bazkariak. Auzo bakoitzeko ordezkariekin dena dago lotuta. Batzordeeetan beti dago jendea ardura handiagoa hartzen duena, jende asko dago antolaketan parte hartzeko. Nork bere mailan laguntzen du. Korrikak bizipen ugari utzi ditu. Kilometro asko egiten dituztenak ere badaude, ezta? Izaten dira, bai. Nik neuk egin nuen gaztetan kilometro pila, ez dakit zenbat, kaleko arroparekin. Hasi ginen eta segi eta segi… ez dakit noraino iritsi ginen. Loiolan hartu eta aurrera… Gero gainera itzuli egin behar! Badago kirol arroparekin doan jendea, horretarako prestatuta doana, 15-20 kilometro egiteko. Behin Grosetik abiatu nintzen, lanean nebilela; botekin, eta jertsea gerrian jarrita. Antiguara iritsi nintzen, Parte Zaharretik pasata. Antiguan buelta, Erdialdera, Amarara, Loiolara… Hernanira iritsi arte! Gogoan dut, bai. Astigarragan tranpa egin nuen. Martutenetik Astigarragara, leku oso jendetsua ez denean gertatu ohi den bezala, azkar samar doa, eta ziztu bizian abiatu zen. Nekatuta negoen. Anbulantziakoei ura eskatu nien, eta barre egin zidaten. Astigarragan itzuli bat egin zuenez, aprobetxatu nuen taberna batean sartu eta ura eskatzeko. Gero Astigarragatik Hernanira berriz joan ginen, ziztu bizian, baina, tira, iritsi ginen. Loiolaraino egitea pentsatuta nuen, orduan han bizi nintzelako, baina azkenean jarraitu eta jarraitu, Hernaniraino.