Proiektuaren irudi bat. (Argazkia: Donostiako Udala)
Udalak zenbait hobekuntza egin dizkio San Bartolome ingurua biziberritzeko proiektuari. Plan Orokorarren hasierako onarpenarekin alderatuta, zenbait aldaketa erantsi dituzte.
Hobekuntza garrantzitsuenen artean azpimarratu behar da dokumentu berriak bi igogailu berri jartzeko aukera aurreikusten duela; ondorioz, hiru izan daitezke. Easo kalean aurreikusten denari beste bat gehitu behar zaio iparraldeko mazelan eta beste bat hegoaldekoan, non Arroka Plazan hasieran jarri behar ziren eskailera mekanikoen ordez, konbentzional batzuk jarriko diren. Hone guztiaren ondorioz, irisgarritasuna nabarmen hobetuko da.
Beste aldaketa garrantzitsu bat hiritarrek egindako alegazio baten ondorioz etorri da: Aldapetako beheko aldea laua izango da eta egungoa baino atseginagoa den gunea sortuko da, motorizatutako trafikoa, bizikletak eta oinezkoak biltzen dituen gune korapilatsu honetan. Egun dagoen baranda desagertuko da, espazio zabal eta irekia sortuz.
Komentuaren aurrean dagoen eraikinaren altura murriztuko da eta azkenean ekipamendu pribatuetarako izango da, eta ez etxebizitzak egiteko, hasierako dokumentuak aurreikusten zuen bezala. Solairu bat gutxiago izango du.
Bestalde, %25 handituko da aparkaleku plaza kopurua -eta ez %10 prozesuan aurreikusi den bezala- hasierako planteamenduarekin alderatuta. Horrela, 113 aparkaleku izango ditu azaleran.
Iparraldeko mazela definitzeko, dokumentuak Plan Berezi baten tramitazioa aurreikusten du eta horrek erakusketa publikoan jartzea ahalbidetuko du; ondorioz, prozesua gardenagoa izango da. Easo Plazan garatuko den hirigintza proiektua, dokumentu desberdin baten bidez tramitatuko da.
Bere balore historikoa dela-eta babestuta dagoen Bainuetxearen fatxada Arroka Plazara mugituko da, eta ekipamendu publikoa jarriko da bertan.
Lizarra kaleak eta Aldapetak noranzko bakarra izango dute (lehenengoak igotzeko, bigarrenak jaisteko) eta hori trafikoa lasaitze aldera pauso garrantzitsu gisa nabarmentzen du Mugikortasun azterketak. Bestalde, Autonomia kalearen ondoan Amara kalearen noranzkoa aldatuko da.
Ricardo Burutaran Hirigintza zinegotziak adierazi du aldaketek hasierako planteamendua nabarmen hobetzen dutela. “Adibidez, irisgarritasunean irabaziko dugu eta Aldapetaren beheko aldeari soluzio bikaina emango zaio”, esan du. Burutaranek aurreratu du Plan Orokorraren behin-behineko aldaketa martxoko udalbatzarrean bozkatuko dutela, ondoren COPU deritzon erakundeari bidaliko zaio txostena egin dezan, eta aurten behin-betiko onarpena emango zaio.