Larunbatean Libre Eguna egingo dute Añorgan
Ze Esatek!, Q Aren'Tones eta Izeberg taldeak ariko dira zuzenean zinean.
Kontzertuak, pilota partidak, pintxo potea eta beste hainbat jarduera egingo dituzte. Jardun politikoagatik espetxeratuak izan direnei, eta herri harresietan edo kontzentrazioetan parte hartzeagatik isunak jaso dituztenei babesa eman nahi diete Añorgan, hilaren 28an. Ia egun osoko egitaraua prestatu dute Libre Egunerako. Eguerdian hasiko dute eguna, pintxo potearekin. Ondoren, hainbat euskal herritarren aurkako prozesu judizialetako pertsonaiak laranja kolorez bustiko dituzte Laranjaz blai izena jarri dioten jardueran. Parte hartzaileek tiratzaile onak diren probatzeko aukera izango dute, pintura laranjaz betetako globoekin pertsonaia hauei eman beharko baitiete.
Ekitaldia egingo dute ondoren, 13:30ean, eta herri bazkari baten inguruan elkartuko dira 14:00ak aldera. Bazkariko txartelak 15 euroren truke eskura daitezke Añorgako Jolas Etxean, Parte Zaharreko Herrian, Groseko Marruman eta Antiguako Plateron. Ikasle eta langabeek, 13 eurotan. Bazkal ondoren, mus txapelketa bat jokatu eta bingoan jolastuko dira.
Arratsaldean, 18:00etan, pilota partidak jokatuko dituzte. Añorgatarren eta antiguatarren arteko lehia piztuko dute esku pilotan, eta palan bikote mixtoak ariko dira. Gauean, Añorgako Zinean musikak ozen joko du 22:30etik aurrera. Ze Esatek!, Izeberg eta Q Aren`Tones taldeak ariko dira zuzenean. Sarrerak 5 eurotan salduko dituzte.
Konpromiso eguna, apirilaren 11n
Añorgako Libre Eguna apirilaren 11n Donostian egingo den Konpromiso Egunaren harira antolatu dute. Hainbat donostiarren aurkako epaiketa politikoak salatzea izango dute helburu, Bulebarreko Aske Gunearen bigarren urtemugan. Iazko formula berdina erabiliko dute, eta egun osoan zehar ekitaldiak egingo dituzte, herritarrek parte har dezaten. Egun sei dira epaiketa politikotan auzipetuta dauden donostiarrak. Alde batetik, 35/02 auzian epaituta daude Joseba Alvarez, Agus Rodriguez eta Juani Lizaso; hiruak sententziaren zain daude, espetxeratuak izateko arriskuarekin. Bestetik, Nuria Alzugarai eta Iñigo Baldaren aurkako epaiketa hasi dute, Segurako auziarengatik. Laster epaituko dituzte Urko Aierbe eta Ugaitz Elizaran, Ekinen aurkako sumarioan.