Donostia Hiri Lagunkoia proiektua hedatzeko komunikazio jarduerak aurkeztu dituzte
Apirilaren 23an ipuin kontalariak arituko dira hiriko lau toki desberdinetan.
udaleko webgunean atal berezi bat sortu dute, eta apirilaren 23an ipuin kontalarien jarduera batekin batera, aldizkari berri baten zero zenbakia argitaratuko dute.
Irudi berriari dagokionez, proiektuaren balioak biltzen dituela adierazi du Salaberriak: konpromisoa, aniztasuna eta errespetua, besteak beste. Horrekin batera, udalaren webgunean Hiri Lagunkoiari eskainitako atal bat sortu dute. Bertako edukiak Hiri Plana eta udal zerbitzuen jarduerekin daude lotuta, eta zahartze aktiboarekin lotutako estekak, materialak, argitalpenak eta informazioa bildu dituzte.
65 urtetik gorako %22 adindun
Sortu duten argiltapenarekin hiriko adindunen egoeraren berri eman nahi dute, baina baita pertsonen zahartze prozesuak gizarteari nola eragiten dion aztertu ere. Donostian, hiritarren %22 65 urte baino gehiago ditu, eta horren inguruan jendeak hausnartu dezan nahi dute. Honela, apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Egunean paperezko mila ale hiriko hainbat tokitan banatuko dituzte: kultur etxeetan, kiroldegietan, elkarteetan, unibertsitatean… Eta sarean ere eskuragarri izango du nahi duen orok, euskaraz eta gaztelaniaz. Hurrengo zenbakia udazkenean argitaratuko dute, eta 2016an lau zenbaki argitaratzea aurreikusi dute, urtaro bakoitzean bat. Horiek guztiek gai zehatzak, proiektuarekin lotutako oharrak zein albisteak jorratuko dituzte.
Egun berean, apirilaren 23an, Plus 55 programan parte hartzen duten pertsonen egitasmoa ezagutzera emango dute, memoriak eta esperientziak duten balioa azpimarratuz. Izan ere, txokoko kideek, Europako gazte boluntariek (Kaebnai) eta ipuin kontalariek Bremengo musikariak ipuina kontatuko dute, hiriko lau toki desberdinetan aldi berean. Honela, 18:15ean Gipuzkoa plazan Donostia Kulturak izango duen standean, EHUko Karlos Santamaria zentroko atarian, Txomineko kultur etxean eta Altzako Nao Etxea jubilatu elkartean egingo dute jarduera. Kontakizun horiek grabatu eta webgunean egongo dira ikusgai. Modu honetan, hirian antolatzen diren jardueren parte izango dira adindunak eta protagonismoa hartuko dute.
Juan Karlos Izagirre alkateak eta Donostia Hiri Lagunkoia proiektuaren arduradun Eva Salaberriak egitasmoaren irudi berria eta abian jarriko dituzten komunikazio jarduerak aurkeztu dituzte gaur goizean, udaletxean. Izagirrek gogoratu du proiektuaren helburua adindunen bizitzako esparru guztietan eta hiriaren dinamikan parte hartzea dela. “Asko inplikatzen dira, eta ezinbestekoak dira hiria besteekin batera eraikitzeko”. Bada, egiten dituzten gauza guztiak islatzeko asmoz, komunikazioari bultzada bat eman nahi izan diote arduradunek: Hiri Lagunkoiaren baitan egiten den guztia irudi berri batekin irudikatuko dute,